A A A A A

La vie: [Éthique]


Actes 2:38
Pedrok erantzun zien: —Bihozberri zaitezte eta bataiatu guztiok, Jesus Mesiasen izenean bekatuak barka dakizkizuen, eta Espiritu Santua hartuko duzue dohain.

Colossiens 3:17-23
[17] Eta esan nahiz egin dezazuen guztia, egizue Jesus Jaunaren izenean, honen bidez Jainko Aitari eskerrak emanez.[18] Emazteok, izan senarren menpeko, Jaunaren jarraitzaileei dagokien bezala.[19] Senarrok, maitatu emazteak eta ez izan horiekin zakar.[20] Seme-alabok, izan beti gurasoen esaneko, hori baitu Jaunak gogoko.[21] Gurasook, ez sumindu seme-alabak, bihozgabe ez daitezen.[22] Esklabook, izan beti mundu honetan nagusi dituzuenen esaneko; ez jagolearen begiradapean edo gizakiei atsegin izateko bakarrik, bihotz-bihotzez baizik, Jaunarenganako begiruneagatik.[23] Egin dezazuen guztia egizue gogo osoz, Jaunarentzat bezala eta ez gizakientzat,

Deutéronome 23:17
Zuekin biziko da berak aukeraturiko zuen hirietako batean, gogokoen izango duen tokian; ez duzue zurrupatuko.

Ecclésiaste 9:10
Egin dezakezun guztia egizu gogoz, ez baita lanik, ez gogoetarik, ez zientziarik, ezta jakinduriarik ere zu zoazen Hildakoen Egoitza horretan.

Jean 16:13
Baina egiaren Espiritua etortzean, egia beteraino gidatuko zaituzte. Ez da mintzatuko bere kabuz, baizik eta nik jakinaraziko diodana adierazi eta etorkizuna iragarriko dizue.

Lévitique 19:2
«Esan israeldarren elkarte osoari: Izan santu, ni, Jauna, zuen Jainkoa, santua naiz eta.

Lévitique 19:13-18
[13] «Ez zapaldu lagun hurkoa, ez larrutu. Ez utzi biharamuna arte ordaindu gabe langilearen lansaria.[14] Ez madarikatu gorra, ez ipini itsuari bidean oztoporik. Horrela erakutsiko duzue begirune diozuela Jainkoari. Neu naiz Jauna.[15] «Ez egin bidegabekeriarik epaiketan, ez jende xehearen alde jarriz, ez handikiari mesede eginez: epaitu zuzenbidez zeuen herritarra.[16] Ez ibili herritarraren izena belzten; ez egin salaketa faltsurik lagun hurkoa heriotzara kondenarazteko. Neu naiz Jauna.[17] «Ez eman biderik zeuen barrenean anaiarenganako gorrotoari; baina ez izan herritarra zentzarazteko beldur ere, harengatik bekaturik egin ez dezazuen.[18] Ez hartu mendekurik, ez izan erresuminik herritarrekin. Maitatu lagun hurkoa zeuen burua bezala. Neu naiz Jauna.

Luc 6:31
Eta besteek zuei egitea nahi duzuena, egin zuek ere besteei.

Luc 16:10
«Gauza txikietan fidagarria, handietan ere fidagarri da, eta gauza txikietan zuzengabea, handietan ere zuzengabe.

Proverbes 11:1-3
[1] Gorroto ditu Jaunak engainuzko pisuak; begiko ditu, ordea, neurgailu zehatzak.[2] Harrokeria non, desohorea han; zuhurtzia apaltasunaren lagun.[3] Beren prestutasunak gidatzen ditu zuzenak, beren faltsukeriak hondatzen maltzurrak.

Proverbes 19:1
Hobe behartsu eta prestu izan, mihi maltzurreko eta zentzugabe baino.

Proverbes 22:6
Hezi hasiera-hasieratik gaztea eta zahartzaroan ere jokabide zuzena izango du.

Proverbes 25:21
Zure etsaia gose bada, emaiozu jaten; egarri bada, emaiozu edaten;

Romains 1:26
Jainkoak, beraz, grina lotsagarrietara eman ditu: emakumezkoek berezko sexu-harremanak utzi eta naturaren kontrakoetara jo dute.

Romains 2:1
Horregatik, zeure burua epaile egiten duzun horrek, zarena zarela, ez duzu aitzakiarik. Besteak epaituz, zeure burua kondenatzen duzu, zeuk, epaile horrek, gauza berberak egiten baitituzu.

Matthieu 7:12-21
[12] «Honela bada, besteek zuei egitea nahi zenuketen guztia, egin zuek ere besteei: horretan datza Liburu Santuek irakatsia.[13] «Sar zaitezte ate estutik; zabala baita hondamenerako atea eta lasaia bidea, eta asko dira hortik doazenak.[14] Baina bai estua dela bizirako atea eta meharra bidea, eta gutxi dira aurkitzen dutenak.[15] «Kontuz sasiprofetekin! Ardi-larruz jantzirik badatozkizue ere, otso harrapari dira barrutik.[16] Beren egintzetatik antzemango diezue. Elorritik biltzen ote da mahatsik edo gardutik pikurik?[17] Zuhaitz onak fruitu ona ematen du, eta zuhaitz txarrak fruitu txarra.[18] Zuhaitz onak ezin du fruitu txarrik eman, ezta zuhaitz txarrak ere fruitu onik.[19] Fruitu onik ematen ez duen zuhaitza moztu eta sutara botatzen da.[20] Beraz, beren fruituetatik antzemango diezue sasiprofetei.[21] «Ez da aski niri “Jauna, Jauna!” esatea, Jainkoaren erreinuan sartzeko; zeruko nire Aitaren nahia behar da egin.

Jean 13:34-35
[34] Agindu berri bat ematen dizuet: elkar maita dezazuela. Nik maitatu zaituztedan bezala, maitatu zuek ere elkar.[35] Honetan ezagutuko dute guztiek zuek nire ikasle zaretela: zuek elkar maite izatean».

2 Timothée 3:16-17
[16] Liburu Santuetan idatzirik dagoen guztia Jainkoak inspiratua da eta irakasteko, arrazoiak emateko, okerrak zuzentzeko eta biziera zuzenean hezteko baliagarria;[17] horrela, Jainkoaren gizona guztiz hornitua gertatzen da, edozein eginbehar onetarako prest.

Ézéchiel 16:49-50
[49] Hona zein izan zen zure ahizpa Sodomaren errua: harrokeria, sabelkeria eta erosotasun axolagabea izan zituzten berak eta beraren menpeko hiriek; ez zioten lagundu dohakabeari eta behartsuari.[50] Harropuztu egin ziren eta higuingarri zaizkidan gauzak egin; beraz, desagerrarazi egin nituen, dakizun bezala.

Galates 5:19-21
[19] Giza grinetatik sortzen diren egintzak ezagunak dira: lizunkeria, zikinkeria, jokaera biziotsua,[20] idolatria, sorginkeria, etsaigoak, haserreak, bekaizkeria, gorrotoak, norgehiagokeria, alderdikeria, zatiketak,[21] ikusezina, hordikeria, sabelkeria eta horrelakoak. Eta lehen esan nizuena diotsuet berriro ere: Horrela jokatzen dutenek ez dute Jainkoaren erreinua ondare jasoko.

1 Corinthiens 6:9-11
[9] Ez al dakizue bidegabeek ez dutela Jainkoaren erreinua iritsiko? Ez engaina zeuen buruak! Lizunek, sasijainkozaleek, adulteriogileek, emakeria-zaleek, sodomitek,[10] lapurrek, diruzaleek, mozkorrek, izen onaren kentzaileek eta iruzurgileek ez dute Jainkoaren erreinua iritsiko.[11] Horietakoak zineten zuetako batzuk ere; baina garbituak izan zarete, sagaratuak eta Jainkoak onartuak Jesu Kristo Jaunaren izenean eta gure Jainkoaren Espirituaren bidez.

Romains 13:8-10
[8] Ez eduki zorrik inorekin, elkar maitatzekoa baizik, zeren lagun hurkoa maite duenak betea baitu legea.[9] Izan ere, harako Ez egin adulteriorik, ez hil inor, ez ostu, ez gutiziatu eta beste edozein agindu, esaldi honetan biltzen da: Maitatu lagun hurkoa zeure burua bezala.[10] Lagun hurkoa maite duenak ez dio gaitzik egiten. Maite duenak, beraz, erabat betetzen du legea.

Jacques 1:12-15
[12] Zorionekoa probaldian sendo irauten duen gizakia! Proba gainditu ondoren, bera maite dutenei Jainkoak agindu dien betiko bizia jasoko baitu sari.[13] Inork, tentaldirik duenean, ez beza esan Jainkoak tentatzen duenik. Jainkoak ez du gaizkirako tentaziorik eta ez du inor gaizkirako tentatzen ere.[14] Aitzitik, nor bere grina txarrek tentatzen dute, horiek dute liluratzen eta erakartzen.[15] Grina txarrek, erne eta gero, bekatua sortzen dute, eta bekatuak, burutu eta gero, heriotza dakar.

Marc 12:28-31
[28] Ondoren, aurreko eztabaida entzundako lege-maisu bat aurreratu zitzaion. Jesusek zein jator erantzun zien ikusirik, galdera bat egin zion: —Zein da agindu guztietan nagusiena?[29] Jesusek erantzun: —Hona hemen nagusiena: Entzun, Israel: Jauna da gure Jainkoa, Jauna bat bakarra da![30] Maita ezazu Jauna, zeure Jainkoa, bihotz-bihotzez, gogo osoz, adimen guztiz eta indar guztiz.[31] Eta hona hemen bigarrena: Maitatu lagun hurkoa zeure burua bezala. Ez da agindu hauek baino handiagorik.

Luc 10:10-28
[10] Baina herriren batean sartu eta onartzen ez bazaituztete, irten plazara eta esan:[11] “Oinetan itsatsi zaigun zuen herriko hautsa ere hor astintzen dizuegu. Dena dela, jakin ezazue gainean duzuela Jainkoaren erregetza”.[12] Hona nik esan: Auzi-egunean Sodomak zigor bigunagoa izango du herri hark baino.[13] «Ai zu, Korozain! Ai zu, Betsaida! Izan ere, Tiro eta Sidon hiri jentiletan zuen artean adina mirari gertatu izan balitz, aspaldi bihozberrituak ziratekeen, dolu-jantziz estaliz eta hautsetan eseriz.[14] Horregatik, Tiro eta Sidonek zigor bigunagoa izango dute zuek baino.[15] Eta zu, Kafarnaum, «zeruraino altxatuko al zara? Lurraren barreneraino eroriko zara![16] «Zuei entzuten dizuenak niri entzuten dit, eta zuek onartzen ez zaituztenak, ni ez nau onartzen; ni onartzen ez nauenak, berriz, bidali nauen hura ez du onartzen».[17] Hirurogeita hamabi ikasleak poz-pozik itzuli ziren, eta esan zioten Jesusi: —Jauna, deabruak ere menpean jartzen zaizkigu zure izena aipatzean.[18] Jesusek esan zien: —Tximista bezala zerutik erortzen ikusi dut Satanas.[19] Begira, sugeak eta eskorpioiak zapaltzeko eta etsaiaren indar guztiak menderatzeko ahalmena eman dizuet, eta ezin izango dizue ezerk kalterik egin.[20] Halaz guztiz ere, ez poztu espirituak menpean jartzen zaizkizuelako; poztu, bai, zuen izenak zeruan idatzirik daudelako.[21] Une hartan, Espiritu Santuak pozez beterik, Jesusek esan zuen: «Goresten zaitut, Aita, zeru-lurren Jauna, gauza hauek jakintsu eta ikasiei ezkutatu dizkiezulako eta jende xumeari agertu. Bai, Aita, goretsia zu, horixe izan baituzu gogoko.[22] «Nire Aitak nire esku utzi du dena. Eta inork ez du ezagutzen Semea nor den, Aitak baizik; ezta Aita nor den ere, Semeak baizik eta Semeak agertu nahi dionak».[23] Eta ikasleak bakarrean harturik, esan zien: «Zorionekoak zuek ikusten duzuena ikusten duten begiak![24] Zeren, egia esan, profeta eta errege askok ikusi nahi izan baitzuten zuek ikusten duzuena, baina ez zuten ikusi, eta entzun zuek entzuten duzuena, baina ez zuten entzun».[25] Orduan, lege-maisu batek jaiki eta azpikeriaz galdetu zion: —Maisu, zer egin behar dut ondaretzat betiko bizia jasotzeko?[26] Jesusek esan zion: —Zer dago idatzia Moisesen legean? Zer irakurtzen duzu?[27] Hark erantzun: —Maita ezazu Jauna, zeure Jainkoa, bihotz-bihotzez, gogo osoz, indar guztiz eta adimen guztiz. Eta lagun hurkoa zeure burua bezala.[28] Jesusek erantzun zion: —Ederki erantzun duzu. Bete hori eta bizia izango duzu.

Éphésiens 6:5-9
[5] Esklabook, izan mundu honetan nagusi dituzuenen esaneko, erabateko begirunez eta bihotz-bihotzez, Kristoren esaneko bezala;[6] ez jagolearen begiradapean edo gizakiei atsegin izateko bakarrik, Jainkoaren nahia gogoz betetzen duten Kristoren esklabo bezala baizik.[7] Bete ezazue gogo onez zeuen zerbitzua, Jaunarentzat bezala eta ez gizakientzat.[8] Badakizue, egindako ongiaren neurrian sarituko duela bakoitza Jaunak, esklaboa nahiz librea izan.[9] Zuek ere, nagusiok, joka ezazue era berean esklaboekin, mehatxurik egin gabe; hartu kontuan haien eta zuen nagusia zeruan dagoela, eta hark ez duela bereizkeriarik egiten.

1 Corinthiens 13:1-13
[1] Nahiz eta gizakien eta aingeruen hizkuntzez hitz egin, maitasunik ez badut, brontze soinulari eta ezkila tintinlari besterik ez naiz.[2] Nahiz eta profezi dohaina izan, nahiz eta misterio guztiak eta munduko jakintza guztiak ezagutu eta mendiak lekuz aldatzeko adinako sinesmena izan, maitasunik ez badut, ez naiz ezer.[3] Dudan guztia behartsuen artean banatu eta neure gorputza erretzeraino emanik ere, maitasunik ez badut, ez naiz ezer.[4] Maitasuna eraman onekoa eta bihozbera da; ez du bekaizkeriarik, ez handiusterik, ez harropuzkeriarik.[5] Ez da lotsagabea, ez berekoia, ez haserrekorra; kaltea ez du gogoan hartzen.[6] Ez da bidegabekeriaz pozten, baizik eta egian pozten da.[7] Maitasunak dena barkatzen du, dena sinesten, dena itxaroten, dena ongi eramaten.[8] Maitasuna ez da behin ere itzaltzen. Profezi dohaina desagertu egingo da, hizketa arrotzez mintzatzea amaituko, ezaguera ere amaituko.[9] Erdizkakoa baita orain gure ezaguera, erdizkakoa gure profezia;[10] eta, bete-betekoa iristean, desagertu egingo da erdizkakoa.[11] Haur nintzenean, haur bezala mintzo nintzen, haur bezala sentitzen nuen, haur bezala juzgatzen. Gizon egin naizenean, utzi egin ditut haur-gauzak.[12] Orain dena ilun ikusten dugu, ispiluan bezala; gero aurrez aurre ikusiko dugu; orain erdizka ezagutzen dut; gero oso-osoan ezagutuko dut dena, Jainkoak neu ezagutzen nauen bezala.[13] Hiru gauza ditugu oraindanik, iraunkor direnak: sinesmena, itxaropena eta maitasuna; baina hiruretan handiena maitasuna da.

Romains 6:1-23
[1] Zer esan honen guztiaren ondorioz? Bekatu egiten jarraitu behar dugula, onginahia ugari dadin?[2] Ez horixe! Nola bizi gintezke oraindik bekatuan, bekatuarentzat hilik gaudenok?[3] Ez al dakizue, bada, bataioaz Jesu Kristori lotuak izan garenok, haren heriotzari izan garela lotuak?[4] Bataioaren bidez berarekin lurperatuak izan garenok, haren heriotzari lotuak gaude, Aitaren ahalmenaz Kristo hildakoen artetik piztu zen bezala, guk ere bizi berria bizi dezagun.[5] Berarena bezalako heriotzan hari itsatsiak izan bagara, hari itsatsiak izango gara harena bezalako piztueran ere.[6] Badakigu, gure izaera zaharra Kristorekin gurutziltzatua izan zela, bekatuzko gure izaera ezereztua geldi zedin, eta aurrerantzean bekatuaren esklabo izan ez gintezen.[7] Izan ere, norbait hilez gero, bekatutik libre gelditzen da.[8] Kristorekin hil bagara, sinesten dugu bizi ere berarekin biziko garela.[9] Badakigu Kristo, behin hildakoen artetik piztuz gero, ez dela berriro hilko: herioak ez du harengan aginterik;[10] haren hiltzea bekatuarentzat behin betiko hiltzea izan baitzen, eta haren bizitzea Jainkoarentzat bizitzea da.[11] Berdin zuek ere: hartu kontuan bekatuarentzat hilda zaudetela eta Jainkoarentzat bizirik, Jesu Kristorekin bat eginik.[12] Beraz, bekatua ez bedi gehiago nagusi izan zuen gorputz hilkorrean. Ez jarri beraren grinen menpean,[13] ezta eskaini ere bekatuari zeuen gorputzak, gaiztakeria egiteko tresna bihurtuz. Alderantziz, eskaini zeuen buruak Jainkoari, heriotzatik bizitzara itzulitako gizaki bezala, eta jarri zeuen gorputzak Jainkoaren zerbitzura, ongia egiteko tresna bihurtuz.[14] Horrela, bekatuak ez du zuen gain aginterik izango, ez baitzaudete legepean, Jainkoaren onginahiaren eraginpean baizik.[15] Beraz, zer? Bekatu egingo ote dugu, legepean ez, baizik Jainkoaren onginahiaren eraginpean gaudelako? Ez horixe![16] Badakizue, norbaiten menpean jartzen bazarete esklabo bezala berari obeditzeko, obeditzen diozuen haren esklabo egiten zaretela: bekatuari obeditzeko bada, heriotzara zoazte; Jainkoari obeditzeko bada, berriz, salbaziora.[17] Baina Jainkoari eskerrak, bekatuaren esklabo zinetenok, irakatsi zaizuen ikasbidea bihotzez onartu duzue[18] eta, bekatutik askatuta, ongiaren zerbitzura jarri zarete.[19] Giza erara mintzo natzaizue, ulertzeko duzuen ahulezia kontuan harturik. Lehen, zeuen buruak lizunkeriaren eta gaiztakeriaren zerbitzura jarri zenituzten, erabat gaiztotzeraino; era berean orain, jar zaitezte ongiaren zerbitzura, erabat Jainkoarenak izan zaitezten.[20] Bekatuaren esklabo zinetenean, ez zenuten ongiarekin loturarik.[21] Eta zer fruitu izan zenuten orduan? Orain lotsa ere ematen dizue orduko hark, ondorioa heriotza baitu.[22] Orain, ordea, bekatuaren menpetik askaturik eta Jainkoaren esklabo eginik, erabat Jainkoarenak izatea duzue fruitu, eta honek betiereko bizia du ondorio.[23] Bekatuak dakarren ordaina heriotza da; Jainkoak ematen digun dohaina, berriz, betiereko bizia, Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez eman zaiguna.

Matthieu 19:1-30
[1] Hitzaldi hau amaitu zuenean, Galileatik alde egin eta Judeako mugetan sartu zen Jesus, Jordan ibaiaz beste aldera igaroz.[2] Jende-multzo handiek jarraitu zioten eta Jesusek gaixoak sendatu zizkien.[3] Fariseu batzuek hurbildu eta, zertan harrapatuko, galdetu zioten: —Zilegi al zaio gizonari emaztea edozein arrazoigatik uztea?[4] Hark erantzun zien: —Ez al duzue irakurri Liburu Santuek diotena? Egileak hasieran gizaseme eta emakume egin zituela, alegia,[5] eta esan ziela: Horregatik, gizasemeak bere aita-amak utziko ditu eta emazteari elkartuko zaio, eta biak bat izango dira.[6] Beraz, aurrerantzean ez dira bi, bat baino. Horrela, bada, Jainkoak uztartu duena ez beza gizakiak aska.[7] Galdetu zioten: —Zergatik eman zuen, bada, Moisesek dibortzio-agiria idatzi eta emaztea uzteko baimena?[8] Jesusek erantzun zien: —Jainkoaren gauzetan itsu zaretelako eman zizuen Moisesek emaztea uzteko baimena, baina hasieran ez zen horrela.[9] Hona nik esan: Inork bere emaztea utzi eta beste bat hartzen badu —legearen kontra elkartuak ez badira behintzat — adulterio egiten du.[10] Orduan, ikasleek esan zioten: —Senar-emazteen arteko lotura horrelakoa bada, ez du merezi ezkontzea.[11] Jesusek erantzun zien: —Ez dira denak hori onartzeko gai, Jainkoak gai egiten dituenak baizik.[12] Batzuk ez dira ezkontzen jaiotzaz ezin dutelako; beste batzuk, giza eskuz ezinduak izan direlako; beste batzuk, berriz, Jainkoaren erregetzagatik hala erabaki dutelako. Onar dezakeenak onar beza.[13] Orduan, haurrak eraman zizkioten Jesusi, haien gain eskuak ezarriz otoitz egin zezan; ikasleek, berriz, haserre egiten zieten.[14] Jesusek esan zien: «Utzi haurrei niregana etortzen, ez galarazi, horrelakoek baitute Jainkoa errege».[15] Eta, haurrei eskuak ezarri ondoren, joan egin zen handik.[16] Behin batez, gazte batek Jesusengana hurbildu eta esan zion: —Maisu, zer onik egin behar dut, betiko bizia eskuratzeko?[17] Jesusek erantzun zion: —Zergatik galdetzen didazu onari buruz? Jainkoa bakarrik da ona. Betiko bizian sartu nahi baduzu, gorde aginduak.[18] —Zein agindu? —galdetu zion. Eta Jesusek: —Ez hil inor, ez egin adulteriorik, ez ostu, ez egin gezurrezko testigantzarik,[19] ohoratu aita-amak, eta maitatu lagun hurkoa zeure burua bezala.[20] Gazteak, orduan: —Hori guztia bete dut; zer falta dut oraindik?[21] Jesusek erantzun zion: —Guztiz ona izan nahi baduzu, zoaz, saldu zeure ondasunak eta eman behartsuei, zeure aberastasuna zeruan izan dezazun; gero, zatoz eta jarraitu niri.[22] Hitz hauek entzutean, atsekabez alde egin zuen gazteak, ondasun handien jabe baitzen.[23] Jesusek esan zien bere ikasleei: —Benetan diotsuet: Nekez sartuko dira aberatsak Jainkoaren erreinuan.[24] Berriro diotsuet: Orratzaren begitik gamelua igarotzea errazago, aberatsa Jainkoaren erreinuan sartzea baino.[25] Hitzok entzutean, ikasleek, erabat nahasturik, honela zioten: —Nor salba daiteke, orduan?[26] Jesusek begira-begira jarri eta esan zien: —Gizakientzat ezinezkoa da hori, baina Jainkoak dena dezake.[27] Orduan, Pedrok esan zion Jesusi: —Hara, guk dena utzi dugu zuri jarraitzeko. Zer izango da guretzat?[28] Jesusek erantzun: —Benetan diotsuet: Jainkoak mundu hau berregitean, Gizonaren Semea bere aintzazko tronuan eseriko denean, zuek ere, nire jarraitzaileok, hamabi tronutan eseriko zarete, Israelgo hamabi leinuak epaitzeko.[29] Eta niregatik etxeak, senideak, aita, ama, seme-alabak eta lurrak uzten dituenak, ehun halako jasoko du eta betiko bizia izango ondare.[30] Orain lehenengo diren asko azkeneko izango dira orduan, eta orain azkeneko direnak lehenengo.

Genèse 19:1-38
[1] Bi aingeruak Sodomara iritsi zirenean, arratsaldean, Lot hiriko sarreran eseria zegoen. Ikusi zitueneko, altxatu eta bidera atera zitzaien. Ahuspezturik,[2] esan zien: —Arren, ene jaunok, zatozte nire etxera, oinak garbitu eta gaua igaro dezazuen. Bihar, goizean goiz, zeuen bidaiari jarraituko diozue. Haiek erantzun zioten: —Ez! Nahiago dugu gaua plazan igaro.[3] Baina Lotek hainbeste erregutu zienez gero, berarekin joan ziren etxera. Afaria prestatu zien, legamia gabeko ogia errearaziz, eta afaldu egin zuten.[4] Baina bisitariek oheratu baino lehen, Sodomako gizaseme guztiek, zahar eta gazte, hiritar guztiek, etxea inguratu zuten.[5] Oihuka esan zioten Loti: —Non dituk bart etorri zaizkian gizonak? Atera itzak, bortxatu egin nahi dizkiagu eta![6] Lot atarira irten, bere atzean atea itxi[7] eta esan zien: —Arren, anaiok, ez egin horrelako gaiztakeriarik![8] Hara, baditut oraindik birjina dauden bi alaba. Aterako dizkizuet zeuen gogara erabil ditzazuen. Gizaseme hauek, ordea, ez ukitu, ostatua eta babesa eman baitizkiet.[9] —Alde hortik! —erantzun zioten—. Hara, gure artean atzerritar izan eta zer egin behar dugun erakutsi nahi ziguk! Horiei baino tratu txarragoa emango diagu heuri. Loten aurka oldartu ziren eta ateraino hurbildu, behera botatzeko asmoz.[10] Orduan, bisitariek heldu eta etxe barrura erakarri zuten Lot, eta atea itxi.[11] Etxe atarian zeudenak, zahar nahiz gazte, itsuturik utzi zituzten. Alferrik jardun zuten ate bila.[12] Gizaseme haiek esan zioten Loti: «Nor duzu besterik hemen? Atera hiri honetatik zeure alabak, suhigaiak eta bertan daukazun guztia,[13] erraustu egin behar dugu eta. Handiak dira, izan ere, bertako bizilagunen aurka Jaunak jaso dituen salaketak, eta hiria erraustera bidali gaitu».[14] Lotek suhigaien bila joan eta esan zien: «Ea, atera zaitezte hemendik, Jaunak erraustu egin behar baitu hiria». Baina haiek txantxetan ari zitzaiela pentsatu zuten.[15] Eguna argitzear zegoelarik, bisitariek presa eman zioten Loti, esanez: «Bizkor! Zoaz hemendik emazte eta alaba biekin; bestela, hiri honi ezarritako zigor berean hilko zara!»[16] Eta, Lot nagi zebilela ikusirik, bisitariek indarrez atera zituzten bera, emaztea eta bi alabak, eta hiritik kanpo utzi, erruki izan baitzien Jaunak.[17] Hiritik kanpora eraman zituztenean, haietako batek esan zion: —Libra zaitez! Ez begiratu atzera, ez gelditu ibar honetan. Ihes egizu mendira, hondamendian eror ez zaitezen.[18] Lotek, ordea, erantzun: —Ez, arren, ene jauna![19] Egiaz zure zerbitzari hau begiko izan duzu eta onginahi handia agertu didazu, bizirik gordez. Baina ez dut inolako salbabiderik mendian, hondamendiak harrapatu eta bidean hilko baininduke.[20] Ikusi herri koskor hura. Nahiko hurbil dago, bertan babesteko. Arren, uztazu herri txiki horretaraino joaten, eta bizirik aterako naiz.[21] —Ea, bada —erantzun zion—, emango dizut hori ere. Ez dut suntsituko aipatu didazun herrixka.[22] Zoaz bizkor, ez baitezaket ezer egin zu hara iritsi arte. Honengatik, herri hari Tzoar —hau da, «Txiki»— deritza.[23] Eguzkia ateratzen ari zuen Lot Tzoarrera iritsi zenean.[24] Orduan, Jaunak sufre eta suzko euria bota zuen zerutik Sodoma eta Gomorraren gainera.[25] Jaunak erraustu egin zituen hiriak eta bertako bizilagunak, lautada osoa eta lurralde hartako landaretza.[26] Loten emazteak atzera begiratu zuen, eta gatz-irudi bihurtu zen.[27] Abraham, goizean goiz jaikirik, Jaunarekin egondako lekura joan zen.[28] Eta Sodoma, Gomorra eta ibar aldeko lautada osora begiraturik, kea ikusi zuen labe batetik bezala lurretik altxatzen.[29] Honela, ibarreko hiriak erraustu zituenean, Abrahamez gogoratu zen Jainkoa eta onez atera zuen Lot, bizi zeneko hirien hondamen hartatik.[30] Gero, Lotek alde egin zuen Tzoartik, han gelditzeko beldur baitzen, eta mendian kokatu zen bere bi alabekin. Harpe batean jarri ziren bizitzen.[31] Behin batez, alaba zaharrenak gazteenari esan zion: «Gure aita zaharra dun eta hemen inguruan ez zegon ezkontzeko gizonezkorik, lurralde guztian egin ohi den bezala.[32] Goazeman; mozkor dezagun aita eta etzan gaitezen berarekin; horrela, izango dinagu semerik geure aitarengandik».[33] Hala, gau hartan bertan mozkortu zuten aita eta beronekin etzan zen alaba zaharrena; Lot ez zen ohartu alaba noiz etzan eta noiz jaiki zen.[34] Biharamunean, alaba zaharrenak gazteenari esan zion: «Bart ni egon naun aitarekin. Mozkor dezagun berriro eta gaur gauean hi joango haiz harekin etzatera; horrela, biok izango dizkinagu semeak geure aitarengandik».[35] Gau hartan ere mozkortu zuten aita eta alaba gazteena joan zitzaion. Lot ez zen ohartu noiz etzan eta noiz jaiki zen.[36] Hala, Loten bi alabak haurdun gelditu ziren beren aitarengandik.[37] Zaharrenak semea izan zuen, eta Moab eman zion izen; berau da gaur eguneko moabdarren arbasoa.[38] Gazteenak ere semea izan zuen, eta Ben-Ami eman zion izen; berau da gaur eguneko amondarren arbasoa.

Basque Bible 2008
Copyright © Sociedad Bíblica de España, 2008 Utilizada con permiso