A A A A A

Bon Caractère: [Maîtrise de soi]


1 Corinthiens 9:25
Atletek diziplina gogorra ezartzen diote beren buruari, eta hori, zimeltzen den koroa irabazteko; guk, ordea, zimeltzen ez dena irabazteko.

1 Corinthiens 10:13
Ez zaizue gainera etorri giza indarrez gainditu ezin ahalako tentaldirik; leiala da Jainkoa, eta ez du utziko zeuen indarrez gaindiko tentaldirik izan dezazuen. Aitzitik, tentaldiarekin batera indarra ere emango dizue, tentaldia garaitu ahal izateko.

1 Thessaloniciens 5:6
Beraz, ez dezagun lorik egin gainerakoek bezala, baizik eta egon gaitezen erne eta argi.

2 Timothée 1:7
Jainkoak ez baitigu beldurti egiten gaituen espiritua eman, indarra eta maitasuna ematen eta geure buruaren jabe egiten gaituen espiritua baizik.

Philippiens 4:13
Dena dezaket indartzen nauen Kristorengan.

Proverbes 16:32
Hobe eroapena adorea baino, nor bere buruaren jabe izatea hiriak menderatzea baino.

Proverbes 18:21
Mihiari lotuta daude heriotza eta bizitza; zer aukeratu, hura jango du bakoitzak.

Proverbes 25:28
Harresiak hondatutako hiri babesgabea bere buruaren jabe ez den gizakia.

Tite 1:8
ostera, ostatu-emailea behar du izan, ongia maite duena, zentzuduna, zuzena, jainkozalea, bere buruaren jabea;

Ésaïe 55:10-11
[10] «Euria eta elurra zerutik jaitsi eta ez dira bertara itzultzen, lurra urez ase gabe, emankor bihurtu eta ernamuindu gabe, ereiteko hazia eta jateko ogia sor ditzan;[11] berdin nire ahotik irtendako hitza ere: ez da niregana itzultzen bere eragina izan gabe, baizik eta nik nahi dudana egiten du eta nik ezarritako helburua betetzen».

Romains 12:1-2
[1] Senideok, Jainkoaren maitasunagatik eskatzen dizuet eskain ditzazuela zeuen buruak opari bizi, santu eta Jainkoarentzat atsegingarri. Hori da egiazko zuen kultua.[2] Ez egokitu mundu honen iritzietara, eraberri zaitezte baizik, zeuen pentsaera aldatuz; horrela bereizi ahal izango duzue zer den Jainkoak nahi duena, zer den ona, atsegingarri zaiona eta bikaina.

Philippiens 4:8-9
[8] Gainerakoan, senideok, hartzazue aintzat egiazko, gizabidetsu, zuzen, garbi, maitagarri eta goresgarri, bertutetsu eta onargarri den guztia.[9] Egizue niregandik ikasi, hartu eta entzun zenutena eta niregan ikusia. Eta bakea ematen digun Jainkoa zeuekin izanen duzue.

Jacques 1:19-21
[19] [19-20] Izan hau gogoan, senide maiteok: gizaki orok izan behar du entzuteko bizkor, hitz egiteko nagi eta haserretzeko ere nagi. Izan ere, haserreturik dagoen gizakiak ezin du Jainkoarentzat zuzen dena egin.[20] ***[21] Beraz, itsuskeria oro eta hain ugari ageri den gaiztakeria bazterturik, onar ezazue otzan-otzan zuengan erein den eta zuek salbatzeko indartsu den mezua.

1 Pierre 5:6-8
[6] Behera zaitezte, bada, eta jarri Jainko ahaltsuaren eskumendean, bere garaian gora zaitzaten.[7] Utzi Jainkoari zeuen kezka guztiak, bera baita zuetaz arduratzen.[8] Izan zaitezte neurritsu eta egon erne. Zuen etsaia, deabrua, zuen inguruan dabil, goseak dagoen lehoia bezala, nor irentsiko.

1 Corinthiens 9:24-27
[24] Denok dakizue kiroldegian partaide guztiek egiten dutela lasterka, baina saria batek bakarrik jasotzen duela. Beraz, egizue lasterka, irabazteko eran.[25] Atletek diziplina gogorra ezartzen diote beren buruari, eta hori, zimeltzen den koroa irabazteko; guk, ordea, zimeltzen ez dena irabazteko.[26] Ni ere hala aritzen naiz; ez lasterka itsu-itsuan egiten duena edo ukabilkadak hutsean jotzen dituen borrokalaria bezala;[27] baizik eta neure gorputza hezi eta menpean jartzen dut, besteei irakatsi ondoren neu baztertua gerta ez nadin.

1 Corinthiens 6:12-20
[12] «Dena zilegi dut», dio zenbaitek; baina ez da dena komenigarri. «Dena zilegi dut », bai, baina ni ez nau ezerk menpeko egingo.[13] Esaten da baita ere: «Janaria sabelarentzat eta sabela janariarentzat»; baina bata zein bestea hondatu egingo ditu Jainkoak. Gorputza, ordea, ez da lizunkeriarako, Jaunarentzat baizik, eta Jauna gorputzarentzat.[14] Eta Jainkoak, Jauna piztu zuenak, gu ere piztu egingo gaitu bere ahalmenaz.[15] Ez al dakizue zuen gorputzak Kristoren atal direla? Eta nik Kristoren atala emagaldu baten atal egingo ote dut? Ez horixe![16] Ez al dakizue emagalduarekin elkartzen dena berarekin gorputz bat bera egiten dela? Honela baitio Liburu Santuak: Biak bat izango dira.[17] Jaunarekin elkartzen dena, berriz, berarekin espiritu bat bera egiten da.[18] Egizue ihes haragikeriatik! Gizon-emakumeek egiten dituzten beste bekatu guztiak gorputzetik kanpora gelditzen dira; baina haragikeriazko bekatua egiten duenak bere gorputzaren aurka egiten du bekatu.[19] Ez al dakizue zuen gorputza Jainkoak eman dizuen eta zuengan bizi den Espiritu Santuaren tenplu dela? Beraz, ez zarete jadanik zeuenak,[20] garesti ordainduz eskuratu baitzaituzte Jainkoak. Goretsazue, bada, Jainkoa zeuen gorputzaz.

2 Pierre 1:3-11
[3] Jainkoak, bere ahalmenaz, erlijio-bizitzarako behar den guztia eman digu, bere aintza eta indarraz deitu gintuen Jesus ezagutaraziz.[4] Honela, agindutako ondasun baliotsu eta bikainak ere eman dizkigu, grina txarrek munduan eragiten duten ustelkeriatik ihes eginez, jainkozko izaeraren partaide izan zaitezten.[5] Horregatik, saia zaitezte gogoz zeuen fedearekin batera bertutea izaten, bertutearekin ezagutza,[6] ezagutzarekin neurritasuna, neurritasunarekin eroapena, eroapenarekin jainkozaletasuna,[7] jainkozaletasunarekin senide-batasuna eta senide-batasunarekin maitasuna.[8] Jarrera hauek guztiak zuengan gero eta gehiago indartzen badituzue, lagungarri izango dituzue eta Jesu Kristo gure Jauna gero eta hobeto ezagutzera eramango.[9] Baina jarrera horiek ez dituena itsua eta bista motzekoa da, ahaztu egin baitu garbitu egin duela Jainkoak bere lehenagoko bekatuetatik.[10] Senideok, Jainkoak deitu eta aukeratu zaituzte: saia zaitezte egoera hori sendotzen; hori eginez gero, ez duzue sekula huts egingo[11] eta zabal-zabal irekiko zaizkizue Jesu Kristo gure Jaun eta Salbatzailearen betiko erreinuko ateak.

Éphésiens 6:10-20
[10] Bukatzeko, sendo zaitzatela Jaunak bere indar ahaltsuaz.[11] Har itzazue Jainkoak ematen dizkizuen armak, deabruaren maltzurkeriei aurre egiteko gai izan zaitezten.[12] Gure borroka, izan ere, ez da hezur-mamizko arerioen aurkakoa, goiko espiritu gaiztoen aurkakoa baizik, mundu ilun honetako aginte, ahalmen eta botereen aurkakoa.[13] Horregatik diotsuet: Hartu Jainkoak ematen dizkizuen armak, une txarrean gogor eutsi eta zailtasun guztiak, atzera egin gabe, gainditu ahal ditzazuen.[14] Zutik, beraz! Lotu gerrikotzat egia, jantzi bularrekotzat zintzotasuna[15] eta oinetakotzat bakearen berri ona zabaltzeko ardura.[16] Eduki beti besoan babeskitzat fedea, etsaiaren suzko geziak oro itzali ahal izateko.[17] Hartzazue burukotzat salbamena, eta ezpatatzat Espirituaren ezpata, hau da, Jainkoaren hitza.[18] Egin otoitz eta eskariak etengabe, Espirituaren indarrez. Egon erne, beila eginez, fededun guztien alde erreguan lehiatsu;[19] baita nire alde ere, Jainkoak hitz egokia ahoan jar diezadan, berri onaren misterioa ausardiaz adierazteko.[20] Berri on honen bozeramaile naiz kate artean; Jainkoak ausardia eman diezadala, behar bezala hots egin dezadan.

Galates 5:13-26
[13] Zuek, senideok, askatasunera deitu zintuzten Jainkoak; baina askatasun hori ez bekizue aitzakia izan grina txarren arabera bizitzeko; bestela baizik, maitasunak egin zaitzatela elkarren zerbitzari.[14] Zeren lege osoa betetzen baita, agindu bakar hau betez gero: Maitatu lagun hurkoa zeure burua bezala.[15] Baina elkarri hozka eta elkar irentsi beharrean bazabiltzate, azkenik elkar suntsituko duzue.[16] Beraz, hauxe diotsuet: Bizi zaitezte Espirituari dagokionez, eta ez giza grinei jarraituz.[17] Giza grinak Espirituaren aurkakoak dira eta Espiritua giza grinen aurkakoa. Bi indar horiek elkarren aurkakoak dira; horrela, ez duzue nahi zenuketena egiten.[18] Espirituak gidatzen bazaituzte, ordea, ez zaudete legearen menpe.[19] Giza grinetatik sortzen diren egintzak ezagunak dira: lizunkeria, zikinkeria, jokaera biziotsua,[20] idolatria, sorginkeria, etsaigoak, haserreak, bekaizkeria, gorrotoak, norgehiagokeria, alderdikeria, zatiketak,[21] ikusezina, hordikeria, sabelkeria eta horrelakoak. Eta lehen esan nizuena diotsuet berriro ere: Horrela jokatzen dutenek ez dute Jainkoaren erreinua ondare jasoko.[22] Espirituaren fruitua, berriz, hau da: maitasuna, poza, bakea, pazientzia, bihotz ona, onginahia, leialtasuna,[23] otzantasuna, bere buruaren jabe izatea. Ez da legerik horrelakoak gaitzetsiko dituenik.[24] Eta Jesu Kristorenak direnek gurutzean hilarazi dute bekatuzko beren giza izaera beronen gurari eta grinekin.[25] Bizia Espirituak ematen badigu, jokatu ere joka dezagun Espirituaren arabera.[26] Ez gaitezela izan harroxko, elkarren lehian eta elkarren inbidian ibiliz.

Tite 2:1-15
[1] Zuk, ordea, irakatsi doktrina osasungarria.[2] Gizaseme zaharrak izan daitezela neurritsuak, agurgarriak, zentzudunak eta fedean, maitasunean eta eroapenean helduak.[3] Emakume zaharrek, ere fededunari dagokion portaera izan dezatela; ez daitezela gaizki-esaleak eta ardoari emanak izan, ongian maistra baizik,[4] neska gazteei beren senarrak eta haurrak maitatzen irakats diezaieten,[5] eta zentzudun, garbi, etxekoandre on eta beren senarren menpeko izaten lagun diezaieten. Horrela, ezin izango du inork Jainkoaren hitza iraindu.[6] Aholkatu mutil gazteak ere, zentzudun izan daitezen,[7] gauza guztietan zeu egintza onen eredu agertuz: irakaspen garbiko eta gizabidetsu;[8] hitz egin jator eta inork ez kritikatzeko eran, kontra daudenak lotsatan geldi daitezen, gutaz gaizki mintzatzeko egokierarik gabe.[9] Esklaboak nagusien menpeko izan daitezela gauza guztietan: bete dezatela beraien gogoa, ezezkorik esan gabe[10] eta lapurretarik egin gabe, baizik eta leialtasun betea agertuz, Jainko gure Salbatzailearen irakaspena gauza guztietan ohora dezaten.[11] Izan ere, agertu da Jainkoaren onginahia, gizon-emakume guztientzat salbagarri.[12] Honek irakasten digu Jainko gabeko bizitzari eta munduko grina txarrei uko egiten, eta neurriz, justiziaz eta jainkozaletasunez mundu honetan bizitzen,[13] gure itxaropen zoriontsua bete zain gaudelarik: Jesu Kristo Jainko handia eta gure Salbatzailea aintzaz beterik noiz agertuko zain.[14] Honek bere burua eman zuen guregatik, gu gaiztakeria guztietatik askatu eta garbi egiteko, beraren herri izan gaitezen, beti ongi egiteko gogotsu.[15] Hau predikatu behar duzu, adore emanez eta aginpide osoz zentzaraziz. Ez zaitzala inork gutxiets.

Jacques 3:1-18
[1] Senideok, ez zaitezte ibil denok maisu izan nahian; jakizue maisuok auzi zorrotzagoa izango dugula,[2] denok baitugu askotan huts egiten. Hizketan hutsik egiten ez duena bete-beteko pertsona da, bere izate osoa menpean edukitzeko gauza dena.[3] Zaldiei, menderatzeko, ahokoa jartzen diegu eta, horrela, haien gorputz osoa gidatzen.[4] Horrelaxe itsasontziak ere: hain handia izan eta haize indartsuek bultzaturik ere, aski du lemazainak lema koskor bat hura nahi duen lekura gidatzeko.[5] Gauza bera gertatzen da mihiarekin ere; oso gorputz-atal txikia izanik ere, duen eragin handiaz harro daiteke. Su txiki batek oihanik handiena ere erre dezake![6] Mihia ere sua da, gaiztakeriazko mundua: gure beste gorputz-atalen artean jarrita, gorputz osoa kutsatzen du eta, infernuko suaz pizturik, sutan jartzen du bizitzaren gurpila.[7] Edozein basabere, hegazti, narrasti eta arrain hezi dezake gizakiak, eta hezi ere egin du.[8] Baina ezin du inork mihia hezi, gaiztoa eta menderagaitza baita, pozoi hilgarriz betea.[9] Berorren bidez bedeinkatzen dugu geure Jaun eta Aita, eta berorrexen bidez madarikatzen gizakia, Jainkoaren irudira egina dena.[10] Aho beretik ateratzen dira bedeinkazioa eta madarikazioa. Senideok, horrek ez du horrela izan behar.[11] Iturri batek berak eman ote ditzake, gero, ur geza eta gazia?[12] Senideok, pikondoak ematen ote du olibarik, edota mahatsondoak pikurik? Iturri gaziak ez dezake ur gezarik eman.[13] Zuen artean jakintsua eta bizitzan asko ikasia denik badela? Erakuts dezala bere jokabide jatorraz, jakinduriari darion gozotasunean biziz.[14] Baina, bekaizkeriaz eta norgehiagokeriaz beterik baldin bazaudete, ez harrotu eta ez ibili egiaren aurka gezurretan.[15] Hori ez da goitiko jakinduria, lurrekoa baizik, giza maila hutsekoa eta deabruarena.[16] Bekaizkeria eta norgehiagokeria diren lekuan nahasmendua eta gaiztakeri modu guztiak dira.[17] Goitik datorren jakinduria, berriz, garbia da lehenik; gainera, baketsua, bihozbera, amore-emailea, errukitsua eta fruitu onak dakartzana, alderdikeria eta itxurazalekeriarik gabea.[18] Bakegileek bakean ereiten dute eta fruitutzat zuzentasuna biltzen.

Basque Bible 2008
Copyright © Sociedad Bíblica de España, 2008 Utilizada con permiso