A A A A A

Dieu: [Virus / Maladies]


Ésaïe 26:20
Ea, ene herri, sartu etxean eta itxi ateak barrutik. Gorde zaitez alditxo batean, Jaunaren haserrea igaro arte.

Jérémie 25:32-33
[32] Hau dio Jaun ahalguztidunak: «Hondamendia herriz herri ari da hedatzen, izugarrizko ekaitza lurraren bazterretik sortzen».[33] Orduan, lurraren luze-zabal guztian, Jaunak hildakoek ez dute hiletarik izango: ez dituzte bilduko lur emateko, simaurra bezala geldituko dira lurrazalean.

2 Chroniques 7:13-14
[13] Nik zerua itxi eta euririk ez egitean, larrapoteei lurralde hau irensteko agintzean edota nire herriari izurritea bidaltzean,[14] niretzat sagaratua den herriak apal-apal otoitz egiten badit, bere bide okerrak utzirik niregana jotzen badu, entzungo diot zerutik, barkatuko dizkiot bekatuak eta indarberrituko lurraldea.

Apocalypse 6:3-8
[3] Bildotsak bigarren zigilua ireki zuenean, bigarren izakiak hau esaten zuela entzun nuen: «Zatoz».[4] Beste zaldi bat, gorria, atera zen; haren gainekoari Jainkoak ezpata handi bat eman zion eta lurretik bakea kentzeko ahalmena, horrela gizakiek elkar hil zezaten.[5] Bildotsak hirugarren zigilua ireki zuenean, hirugarren izakiak hau esaten zuela entzun nuen: «Zatoz». Begiratu eta zaldi beltz bat ikusi nuen. Haren gainekoak balantza bat zuen eskuan,[6] eta ahots antzeko bat entzun nuen lau izakien artean esaten: «Kilo bat gari bakarrik eguneko soldataz; hiru kilo garagar bakarrik eguneko soldataz; baina ez hondatu olioa eta ardoa ».[7] Bildotsak laugarren zigilua ireki zuenean, laugarren izakiaren ahotsa entzun nuen hau esaten: «Zatoz».[8] Begiratu eta zaldi horixka bat ikusi nuen. Gainekoak Herio zuen izena, eta bere erreinukoek jarraitzen zioten. Lurraren laurdenaren gain ahalmena eman zion Jainkoak, ezpata, gosete, heriotza eta lurreko piztien bitartez jendea hiltzeko.

1 Samuel 5:6
Esku astunez jo zituen Jaunak Axdodeko biztanleak: zigortu eta erlakiztenak aterarazi zizkien Axdodekoei eta inguruetakoei.

2 Corinthiens 4:7
Baina altxor baliotsu hau buztinezko ontzitan daramagu, garbi ager dadin honenbesteko indarra Jainkoarengandik datorrela eta ez guregandik.

Exode 20:3
«Ez izan ni beste jainkorik.

Jacques 4:10
Apal zaitezte Jaunaren aurrean eta berak goratuko zaituzte.

Matthieu 6:24
«Ezin da inor bi nagusiren morroi izan; izan ere, bata gorroto izango du eta bestea maite, edota batari men egingo dio eta bestea begitan hartuko. Ezin zaitezkete Jainkoaren eta diruaren morroi izan.

Philippiens 4:6
Ez eduki ezeren kezkarik, baizik eta, gorabehera guztietan, agertu Jainkoari zeuen eskabideak, otoitz eta erregu eginez eta eskerrak emanez.

Psaumes 103:2-3
[2] Bedeinka beza ene arimak Jauna, ez bitza ahaztu haren mesedeak![3] Erru guztiak barkatzen dizkit, gaitz guztiak sendatzen;

Nombres 11:31-33
[31] Jaunak haizea atera zuen, eta haizeak, itsasaldetik joz, galeper-multzoa ekarri eta kanpaleku inguruan bota zuen: egun bateko bidea adinako luze-zabala estali zuten galeperrek kanpalekuaren inguru osoan, metro bat lodiko galeper-piloa zegoelarik.[32] Egun eta gau osoa eta biharamun osoa eman zuen herriak galeperrak biltzen. Gutxien jaso zuenak hamar gurdikada bildu zuen. Eta kanpalekuaren inguru osoan ezarri zituzten, lehortzeko.[33] Oraindik haragia hagin artean zerabiltela, biziki haserretu zen Jauna israeldarren aurka, eta izurri ikaragarriz zigortu zituen.

Exode 9:8-11
[8] Orduan, Jaunak esan zien Moisesi eta Aaroni: «Hartu labetik eskua bete kedar eta jaurti dezala Moisesek zerurantz faraoiaren aurrean;[9] hauts bihurtuko da eta lurralde osora hedatuko, eta Egiptoko gizakiak eta abereak zauri zornetsuz josirik geldituko dira».[10] Hartu zuten Moisesek eta Aaronek labetik kedarra eta Moisesek zerurantz jaurti zuen faraoiaren aurrean: gizakiak zein abereak zauri zornetsuz josirik gelditu ziren.[11] Aztiek ez zuten Moisesi aurre egiterik izan, haiek ere beste egiptoar guztiak bezala zauriz josirik baitzeuden.

Jacques 1:2-6
[2] Senideok, egon zaitezte pozik edozein eratako tentaldik erasotzen dizuenean.[3] Dakizuenez, zuen fedeak, probaldia jasanez, eroapena dakar.[4] Eta eroapenak lortuko du bere helburua, heldutasun beteko pertsonak izan zaitezten, ezertan akatsik gabeak.[5] Zuetakoren bat jakinduria beharrean badago, eska diezaiola Jainkoari eta eman egingo dio, eskuzabal ematen baitu, inori ezer aurpegira bota gabe.[6] Baina eska dezala fedez eta inolako zalantzarik gabe, zalantzan dabilena, haizeak eraginik batetik bestera dabilen itsasoko olatua bezala baita.

Apocalypse 9:15-19
[15] Aske utzi zituzten lau aingeruak: prest zeuden hilabete, egun, ordu eta une hartan gizon-emakumeen herena hiltzeko.[16] Zaldizko gudariak berrehun milioi zirela entzun nuen.[17] Ikuskarian honelaxe ikusi nituen zaldiak eta zaldizkoak: haien bularrekoak, batzuk sua bezain gorriak ziren, beste batzuk hiazintoa bezain urdinak eta beste batzuk sufrea bezain horiak; zaldien buruak lehoienak bezalakoak ziren, eta ahoetatik sua, kea eta sufrea ateratzen zitzaizkien.[18] Gizakien herena hil zen hiru zigor hauengatik —ahotik zerien su, ke eta sufrearengatik, alegia—.[19] Zaldiek ahoan eta isatsetan zuten suntsitzeko ahalmena; isatsak suge-itxurakoak eta burudunak zituzten, eta haien bidez hondatzen zuten.

Marc 13:32-37
[32] Baina zein egunetan edo ordutan gertatuko den, ez daki inork, ez zeruko aingeruek, ez Semeak, Aitak baizik.[33] «Kontuz, bada! Egon erne! Ez baitakizue ordua noiz den.[34] Gizon bat urrutira doanean bezala da: morroien gain uzten du bere etxea, bakoitzari bere lana emanez, eta zain egoteko agintzen dio atezainari.[35] «Egon zain, beraz, ez baitakizue etxeko jauna noiz etorriko den: arratsean, gauerdian, oilarrak jotzean ala goizean.[36] Ez zaitzatela ustekabean etorri eta lotan aurki.[37] Zuei esaten dizuedan hau, denentzat esaten dut: Egon zain!»

Psaumes 91:2-14
[2] esazu: «Oi Jauna, zu ene babesleku eta gaztelu; ene Jainko, zuregan dut uste on!»[3] Berak libratuko zaitu ehiztariaren saretik eta izurri galgarritik.[4] Bere hegalpean emango dizu gerizpe, haren lumapea izango duzu babesleku, haren besoa babeski eta koraza.[5] Ez diozu beldurrik izango gauaren izuari, ez egunez jaurtitako geziari;[6] ez ilunpetan zabaltzen den izurriari, ez egun-argitan jotzen duen gaitzari.[7] Zure ezkerraldean mila, zure eskuinaldean hamar mila erorita ere, zu ez zaitu joko.[8] Begiak zabaldu orduko ikusiko duzu gaiztoen zigor-ordaina,[9] Jauna hartu baituzu babesleku, Goi-goikoa bizileku.[10] Ez zaizu zoritxarrik gertatuko, ez da zure etxera hondamenik iritsiko.[11] Bere aingeruei aginduko die zu nonahi ere zaintzeko.[12] Besoetan eramango zaituzte, harriekin estropezu egin ez dezazun.[13] Suge pozoitsuen gainean ibiliko zara, basapiztiak oinazpian hartuko.[14] «Niri atxikia dagoenez gero, onik aterako dut, toki seguruan jarriko, aitortzen nauelako.

Luc 21:5-38
[5] Batzuk tenpluari buruz ari ziren, harri ederrez eta emaitzez apaindua zegoela aipatuz. Orduan, Jesusek esan zuen:[6] «Etorriko da garaia, hor ikusten duzuen horretatik harririk ere harri gainean geldituko ez dena: dena suntsituko dute».[7] Ikasleek galdetu zioten: «Maisu, noiz gertatuko da hori, eta zertan ezagutuko da gertatzera doala?»[8] Jesusek erantzun zien: «Kontuz! Ez zaitzatela inork engaina! Asko etorriko dira, nire izena berenganatuz eta esanez: “Ni naiz Mesias ”, edo “Gainean da garaia”. Ez joan halakoen ondoren.[9] Gerra eta iraultza-hotsak entzutean, ez ikaratu: lehenbizi gertatu beharrekoa baita hori guztia; baina ez dator berehala azkena».[10] Gainera, esan zien: «Nazioa nazioaren kontra eta erreinua erreinuaren kontra altxatuko dira;[11] lurrikara handiak izango dira, eta izurrite eta goseteak han eta hemen; gauza ikaragarriak gertatuko dira, eta ortzian seinale handiak azalduko.[12] «Baina hori guztia gertatu aurretik, eskua botako dizuete eta erasoko; sinagogetara eta kartzelara eramango zaituztete, eta erregeen eta agintarien aurrera zuzenduko niregatik.[13] Aitorpen egiteko aukera emango dizue horrek guztiak.[14] Hartu gogoan ez duzuela zeuen buruak nola defendatuko kezkatan egon beharrik:[15] neuk adieraziko dizuet zer eta nola esan, eta zuen etsaietako inork ez du zuei aurre ematerik edo erantzuterik izango.[16] Zeuen guraso eta senideek berek, ahaide eta adiskideek berek salduko zaituztete, eta zuetako zenbait hilko.[17] Mundu guztiak gorroto izango dizue niregatik;[18] baina ez duzue buruko ile bakar bat ere galduko.[19] Iraupenaren iraupenez lortuko duzue bizia.[20] «Jerusalem gudarostez inguratua ikusiko duzuenean, jakin ezazue gainean duela bere hondamendia.[21] Orduan, Judean daudenek ihes egin bezate mendietara; Jerusalem barruan daudenak bihoaz urruti, eta soroan direnak ez bitez hirian sar.[22] Zigor-egunak izango dira haiek, orduan beteko baita Liburu Santuan idatzirik dagoen guztia.[23] Dohakabeak egun haietan haurdun daudenak eta bularreko haurrak dituztenak! Estuasun gogorra izango baita lur honetan, eta haserre-zigorra herri honentzat.[24] Ezpata-ahoz hilko dituzte eta nazio guztietara eramango gatibu; Jerusalem jentilek zapalduko dute, jentilentzat Jainkoak erabakitako garaia erabat bete arte.[25] «Seinale handiak agertuko dira eguzkian, ilargian eta izarretan; lurrean, berriz, larri izango dira herriak, itsas orroaz eta olatuez izuturik.[26] Eta munduari gainera datorkionaren ikaraz eta larriz, lur jota geldituko da jendea, ortzia dardarka ariko baita.[27] Orduan, Gizonaren Semea hodei artean ahalmen eta aintzaz beterik etortzen ikusiko dute.[28] «Hau guztia gertatzen hastean, izan bihotz eta altxatu burua, laster baituzue zeuen askapena».[29] Jesusek irudi bat jarri zien: «Begira pikondoari edo beste edozein zuhaitzi:[30] kimuberritzen hasi direla ikusi eta, besterik gabe, badakizue uda hurbil dela.[31] Era berean, gauza horiek gertatzen ikustean, jakizue hurbil dela Jainkoaren erregetza.[32] Benetan diotsuet: Gizaldi honetakoak hil baino lehen gertatuko dira gauza guztiok.[33] Zeru-lurrak igaroko dira, baina nire hitzak ez dira bete gabe igaroko.[34] «Zabiltzate, bada, kontuz! Galdukeria, mozkorkeria eta bizitzako ardurak direla eta, ez bekizue gogoa motel, egun hura ustekabean gainera eror ez dakizuen,[35] sarea bezala eroriko baita munduan bizi diren guztien gainera.[36] Egon erne eta erregutu uneoro, gertatuko diren horiei guztiei ihes egiteko eta Gizonaren Semearen aurrean zutik irauteko kemena izan dezazuen».[37] Tenpluan irakasten eman ohi zituen Jesusek egunak, eta Oliamendira ateratzen zen gauak igarotzera.[38] Eta herri guztia goizean goiz joaten zitzaion tenplura, entzutera.

Matthieu 24:1-35
[1] Jesus tenplutik atera eta bazihoan. Orduan, ikasleek hurbildu eta tenpluko eraikinak erakutsi zizkioten.[2] Baina Jesusek esan zien: «Ikusten duzue hori guztia, ezta? Ba, benetan diotsuet: Ez da hemen harririk harri gainean geldituko: dena suntsituko dute».[3] Gero, Oliamendin eserita zegoela, ikasleek bakarrean hurbildu eta galdetu zioten: «Esaguzu noiz gertatuko den hori, eta zein izango den zure etorreraren eta munduaren azkenaren ezaugarria».[4] Jesusek erantzun zien: «Kontuz! Ez zaitzatela inork engaina![5] Asko etorriko dira, nire izena berenganatuz eta esanez: “Ni naiz Mesias”; eta jendea franko engainatuko dute.[6] Gerra-hots eta zurrumurruak entzungo dituzue. Begira, ez izutu, gertatu beharrekoa baita hori guztia; baina oraindik ez da azkena.[7] Izan ere, nazioa nazioaren kontra eta erreinua erreinuaren kontra altxatuko dira; goseteak eta lurrikarak izango dira han eta hemen.[8] Baina hori guztia erdiminen hasiera da.[9] «Zori larrian jarriko zaituztete eta hil egingo; herri guztiek gorroto izango dizuete niregatik.[10] Orduan, askok fedeari uko egingo diote, eta elkar saldu eta gorrotatuko dute.[11] Anitz sasiprofeta altxatuko dira eta asko engainatuko dituzte.[12] Eta gaiztakeria ugaltzean, gehienen maitasuna hoztu egingo da;[13] baina azkeneraino sendo irauten duena, horixe izango da salbatua.[14] Mundu guztian hots egingo da Jainkoaren erregetzaren berri on hau, herri guztiek haren berri izan dezaten. Orduan etorriko da azkena.[15] «Daniel profetak aipatzen duen profanatzaile higuingarria toki santuan ezarria ikusiko duzuenean —irakurleak uler beza—,[16] orduan, Judean daudenek ihes egin bezate mendietara;[17] etxe gainean dagoena ez bedi jaits etxeko gauzak hartzera,[18] eta soroan dena ez bedi itzul soingaineko bila.[19] Dohakabeak egun haietan haurdun daudenak eta bularreko haurrak dituztenak![20] Eskatu Jainkoari, ihes egin beharra neguan edo larunbatez gerta ez dakizuen.[21] Zeren munduaren hasieratik orain arte izan ez den eta izango ez den bezalako larrialdi handia izango baita orduan.[22] Eta Jainkoak aldi hori laburtuko ez balu, ez litzateke inortxo ere bizirik aterako; baina, aukeratuak direla eta, laburtu egingo ditu egun horiek.[23] «Orduan, norbaitek “Hona hemen Mesias” edo “Hara han” esango balizue, ez sinetsi.[24] Izan ere, gezurrezko mesiasak eta sasiprofetak agertuko dira eta aukeratuak berak ere, ahal balitz, engainatzeko moduko mirari handiak eta egintza harrigarriak egingo dituzte.[25] Horra, jakinaren gainean jarri zaituztet aldez aurretik.[26] Beraz, norbaitek “Hara, basamortuan dago” esaten badizue, zuek ez irten, edo “Hara, etxe barruan dago” esaten badizue, ez sinetsi.[27] Izan ere, tximistak une batean sortaldetik sartalderaino argi egiten duen bezala, hala izango da Gizonaren Semearen etorrera.[28] Sarraskia non, han biltzen dira putreak.[29] «Egun haietako larrialdiaren ondoren, berehala, eguzkia ilunduko da, ilargiak ez du argirik egingo, izarrak zeru goitik amilduko dira, eta ortzia dardarka ariko.[30] Orduan, Gizonaren Semearen seinalea azalduko da zeruan, eta lurreko leinu guztiak bular-joka ariko dira, Gizonaren Semea zeruko hodei artean ahalmen eta aintzaz beterik etortzen ikustean.[31] Orduan, bere aingeruak bidaliko ditu turuta-hots ozenez, eta haren aukeratuak bilduko dituzte lau haizeetatik, lur-muga batetik besteraino.[32] «Ikasi pikondoaren irudi honetatik: kimua berritzen eta hostoa zabaltzen zaioneko, badakizue uda hurbil dela.[33] Era berean, gauza horiek ikustean, jakizue hurbil dela, Gizonaren Semea ate ondoan duzuela.[34] Benetan diotsuet: Gizaldi honetakoak hil baino lehen gertatuko dira gauza guztiok.[35] Zeru-lurrak igaroko dira, baina nire hitzak ez dira bete gabe igaroko.

Basque Bible 2008
Copyright © Sociedad Bíblica de España, 2008 Utilizada con permiso