A A A A A

Église: [Pentecôte]


Exode 34:22-43
[22] «Ospatu Asteen Jaia, gari-uztaren lehen fruituena eta urteburuko uzta-biltzearena.[23] «Gizaseme guztiak urtean hiru aldiz aurkeztuko dira Israelgo Jainko Jaunaren aurrera.[24] «Zuen aurretik bota egingo ditut atzerritarrak, eta zuen lurraldea hedatuko. Horrezkero, ez du inork zuen lurraldeaz jabetzeko irrikarik izango, zeuen Jainko Jaunaren aurrean urtean hiru aldiz aurkeztuko zaretenean.[25] «Ez eskaini sakrifizioetako abere-odolik ogi harrotuarekin batera, ezta gorde ere hurrengo egunerako Pazko-jaiko abere hilik.[26] «Eraman zeuen lurreko lehen fruituak Jaunaren, zeuen Jainkoaren, etxera. «Ez egosi antxumerik bere amaren esnetan ».[27] Jaunak esan zion Moisesi: «Idatzi agindu horiek, horiek baitira zurekin eta israeldarrekin egiten dudan itunaren muina».[28] Berrogei egun eta berrogei gau egon zen Moises mendian Jaunarekin. Ez zuen ezer jan, ez edan. Han idatzi zituen harlauzetan itunaren xedapenak, hamar aginduak.[29] Ondoren, Moises Sinai menditik jaitsi zen, legearen bi harlauzak eskuan zeramatzala. Ez zekien aurpegia distiratsu zuenik, Jaunarekin mintzatu izanagatik.[30] Aaronek eta israeldar guztiek ikusi zuten Moisesek aurpegia distiratsu zuela, eta beldur ziren harengana hurbiltzeko.[31] Moisesek dei eginik, Aaron eta elkarteko buruzagiak hurbildu zitzaizkion, eta Moises hizketan hasi zitzaien.[32] Ondoren, israeldar guztiak hurbildu zitzaizkion, eta Jaunak mendian emandako agindu guztiak adierazi zizkien Moisesek.[33] Hitz egiten amaitu zuenean, zapi batez estali zuen aurpegia.[34] Jaunarekin mintzatzeko beraren aurrera sartzen zenean, zapia kentzen zuen irten arte. Ateratzean, Jaunak agindua adierazten zien israeldarrei.[35] Israeldarrek Moisesen aurpegia distiratsu ikusten zutenez, zapi batez estaltzen zuen, Jaunarekin berriro mintzatzera sartu arte.[36] Moisesek israeldarren elkarte osoa bildu eta esan zien: «Hona hemen Jaunak agindua, bete dezazuen:[37] Sei egunez lan egingo duzue, baina zazpigarrena larunbata da, Jaunari sagaraturiko atseden-eguna. Larunbatez lan egiten duenak heriotza-zigorra izango du.[38] Ez duzue surik ere egingo larunbatez zeuen bizilekuetan».[39] Moisesek esan zion israeldarren elkarte osoari: «Hona hemen Jaunak agintzen duena:[40] Bildu zeuen artean Jaunarentzat oparia. Jaunari oparia emateko borondatea dutenek ekar bitzate urrea, zilarra eta brontzea,[41] purpura more, gorri eta gorrimina, liho fina, ahuntz-ilea,[42] gorriz tindaturiko ahari-larruak eta larru finak, akazia-zura,[43] argitarako olioa, gantzuketa-olioa eta intsentsuarentzat usainkiak,

Deutéronome 16:9-25
[9] «Zenbatu zazpi aste, garia ebakitzen hasten zareten egunetik.[10] Ondoren, Asteen Jaia ospatuko duzue Jaunaren zeuen Jainkoaren ohorez, borondatezko emaitzak eskainiz, Jaunaren bedeinkazioz izandako ondasunen arabera.[11] Festa egingo duzue Jaunaren zeuen Jainkoaren aurrean, bizileku eta kultu-lekutzat aukeratuko duen tokian, zeuen seme-alaba eta morroi-mirabeekin, zuekin hiri berean bizi den lebitarrarekin eta zeuen artean dituzuen etorkin, umezurtz eta alargunekin.[12] Izan gogoan zeuek ere esklabo izan zinetela Egipton, eta saiatu lege hauek betetzen.[13] «Garia jaso eta ardoa upeleratu ondoren, Etxola Jaia ospatuko duzue zazpi egunez.[14] Zeuen seme-alaba eta morroi-mirabeekin eta zuekin hiri berean bizi diren lebitar, etorkin, umezurtz eta alargunekin batera ospatuko duzue festa.[15] Zazpi egunez egingo duzue jai, Jaunak zuen Jainkoak beretzat aukeratuko duen lekuan, zeuen poza adieraziz, Jaunak zeuen Jainkoak uzta oparoak eman eta eginkizun guztietan bedeinkatuko zaituztelako.[16] «Urtean hiru aldiz aurkeztuko dira gizaseme guztiak Jaunaren zuen Jainkoaren aurrean, berak aukeratuko duen lekuan: Legamia gabeko Ogien Jaian, Asteen Jaian eta Etxola Jaian, alegia. Ez da inor Jaunaren aurrean esku-hutsik agertuko;[17] nork bere eskaintza eramango du, Jaunaren zuen Jainkoaren bedeinkazioaz izandako ondasunen arabera.[18] «Epaileak eta funtzionarioak ezarriko dituzue leinuetan, Jaunak zeuen Jainkoak emango dizkizuen hiri bakoitzean, herritarren auziak zuzenbidez erabaki ditzaten.[19] «Ez okertu zuzenbidea alderdikeriaz jokatuz; ez onartu eskupekorik, itsutu egiten baititu pertsona jakintsuak ere eta hondatu egiten zintzoen epaia.[20] Izan dezazuela justizia helburu, eta justizia bakarrik; horrela, bizi egingo zarete eta Jaunak zeuen Jainkoak emango dizuen lurraldeaz jabetuko.[21] «Ez duzue zurezko zutoin sakraturik ezarriko Jaunarentzat zeuen Jainkoarentzat eraikitako aldare ondoan;[22] ez duzue zutarri sakraturik egingo, gorroto baititu Jaunak zuen Jainkoak halako gauzak.[23] «Ez diozue oparitzat eskainiko Jaunari zeuen Jainkoari inolako akatsik duen zekor edo arkumerik, higuingarri baitzaio hori.[24] «Gerta daiteke, Jaunak zeuen Jainkoak emango dizkizuen hirietakoren batean, gizon nahiz emakumeren batek Jaunari zuen Jainkoari gaizki iruditzen zaiona egin eta ituna haustea:[25] hau da, nik aginduaren kontra, jainko arrotzak gurtu eta beraien aurrean —edota eguzki, ilargi eta zeruko izar guztien aurrean— ahuspeztea.

Actes 2:1-13
[1] Mendekoste-eguna iritsi zenean, toki berean bildurik zeuden guztiak.[2] Bat-batean, haize-boladarena bezalako burrunba etorri zen zerutik eta beraiek zeuden etxe guztian durundi egin zuen.[3] Orduan, suzko mihiak bezalako batzuk ikusi zituzten, bakoitzaren gainean bana kokatzen.[4] Denak Espiritu Santuaz bete ziren eta hizkuntza arrotzez hitz egiten hasi, bakoitza Espirituak eragiten zion eran.[5] Egun haietan judu jainkozale asko ziren Jerusalemen, eguzkiaren azpian diren nazio guztietatik etorriak.[6] Burrunba hura entzutean, hara bildu zen jendea samaldan, eta txunditurik gelditu ziren, nork bere hizkuntzan hitz egiten entzuten baitzien.[7] Zur eta lur, honela zioten: «Mintzo direnok, ez ote dira denak galilearrak?[8] Nola daiteke, bada, guretako bakoitzak bere jatorrizko hizkuntzan horiei entzutea?[9] Baditugu gurekin partiar, mediar nahiz elamdarrak; baita Mesopotamian, Judean nahiz Kapadozian, Ponton nahiz Asian bizi direnak ere;[10] badira gure artean Frigia nahiz Panfiliakoak, Egipto nahiz Zirene inguruko Libia aldekoak, baita erromatarrak ere;[11] eta denok, judu eta juduberri, kretar eta arabiar, Jainkoaren egintza miragarriak geure hizkuntzetan aipatzen entzuten diegu».[12] Harriturik eta zer pentsa ez zekitela, «Zer da hau?» galdezka ari ziren elkarren artean.[13] Beste batzuek, aldiz, honela zioten isekaz: «Edanak daude».

Basque Bible 2008
Copyright © Sociedad Bíblica de España, 2008 Utilizada con permiso