A A A A A

Église: [Paraboles de Jésus]


Matthieu 5:14-16
[14] «Zuek zarete munduarentzat argia. Ezin daiteke ezkuta mendi gainean dagoen hiria.[15] Kriseilua ere ez da pizten ontzipean ipintzeko, argimutilaren gainean baizik, etxeko guztiei argi egiteko.[16] Era berean, zuen argiak denen aurrean egin behar du argi, zuen egintza onak ikusiz, zeruko zuen Aita gorets dezaten.

Matthieu 7:1-5
[1] «Ez gaitzetsi inor, Jainkoak ere ez zaitzaten gaitzets;[2] izan ere, zuek besteak nola epaitu, hala epaituko zaituzte Jainkoak, eta zuek zein neurriz neurtu, neurri beraz neurtuko zaituzte Jainkoak.[3] Nola ikusten duzu senidearen begiko lasto-izpia eta zeure begiko hagaz ohartzen ez?[4] Eta nola esan diezaiokezu senideari: “Utzi begian duzun lasto-izpia ateratzen”, zuk zeurean haga duzula?[5] Itxurazale hori! Kendu lehenengo zeure begitik haga, eta orduan ikusiko duzu garbi, senidearen begitik lasto-izpia ateratzeko.

Matthieu 9:16-17
[16] «Inork ez dio jantzi zaharrari oihal gordinezko adabakirik josten, adabakiak jantzia behartu eta zarratada handiagoa egingo bailuke.[17] Zahagi zaharretan ere ez da ardo berririk sartzen; bestela, zahagiak lehertu egingo lirateke, eta ardoa isuri eta zahagiak galdu. Ez! Ardo berria zahagi berrietan sartzen da, eta batak eta besteak irauten dute».

Matthieu 12:24-30
[24] Fariseuek, ordea, hori entzutean, esan zuten: «Deabruen buruzagi den Beeltzebulen indarrez botatzen ditu honek deabruak».[25] Igarri zizkien Jesusek beren gogoetak eta esan zien: «Bere baitan zatiturik dagoen erreinua errauts bihurtuko da. Bere baitan zatiturik dagoen herri edo familiak ez du iraungo.[26] Beraz, Satanasek Satanas botatzen badu, zatiturik dago eta bere buruaren aurka ari da; nola iraun dezake haren erreinuak?[27] Eta nik deabruak Beeltzebulen indarrez botatzen baditut, noren indarrez botatzen dituzte zuen ikasleek? Horregatik, zeuen ikasleak izango dituzue epaile.[28] Deabruak Jainkoaren Espirituaren indarrez botatzen baditut, ordea, argi dago Jainkoa zuen artean errege izaten hasia dela.[29] «Izan ere, nola sar daiteke inor indartsu baten etxera lapurretara, aldez aurretik hura lotzen ez badu? Orduan bai, harrapa ditzake haren etxeko ondasunak.[30] «Nire alde ez dagoena nire kontra dago, eta nirekin biltzen ez duena sakabanatzen ari da.

Matthieu 13:1-23
[1] Egun batez, Jesus etxetik atera eta aintzira-ertzean eseri zen.[2] Eta hainbeste jende bildu baitzitzaion ondora, txalupa batera igo eta eseri egin zen. Jende-taldea, berriz, hondartzan zegoen.[3] Eta luze hitz egin zien parabola bidez. Honela mintzatu zitzaien: «Atera zen behin ereilea hazia ereitera.[4] Ereitean, zenbait ale bide-bazterrean erori zen, eta txoriek etorri eta jan egin zuten.[5] Beste zenbait harri artean erori zen, lur handirik ez zen tokian; eta, axaleko lurra izanik, berehala erne zen;[6] baina eguzkiak jo orduko, erre egin zen eta, sustrairik ez zuelako, ihartu.[7] Beste zenbait ale sasi artean erori zen, eta sasiek, haztean, ito egin zuten hazia.[8] Gainerakoak lur onean erori ziren, eta fruitua eman zuten: bateko ehun edo hirurogei edo hogeita hamar.[9] Ulertzeko gauza denak uler beza».[10] Ondoratu zitzaizkion ikasleak Jesusi eta galdegin zioten: —Zergatik hitz egiten diezu parabola bidez?[11] Jesusek erantzun zien: —Zuei eman zaizue Jainkoaren erregetzaren misterioak ezagutzea; horiei, ordea, ez.[12] Izan ere, duenari eman egingo zaio, eta gainezka izango du; ez duenari, ordea, daukan apurra ere kendu egingo zaio.[13] Hona zergatik hitz egiten diedan parabola bidez: begiratu bai, baina ikusten ez dutelako; entzun bai, baina ez aditzen, ez ulertzen ez dutelako.[14] «Horrela, Isaias profetak esana betetzen da horiengan: « Entzungo duzue, bai, baina ulertu ez; ikusiko duzue, bai, baina ohartu ez.[15] Izan ere, herri honek gogortu egin ditu buru-bihotzak, gortu belarriak, itsutu begiak. Ez bezate beren begiez ikus, ez belarriez entzun, ezta buruaz ulertu ere, horrela niregana bihur ez daitezen eta salba ez ditzadan.[16] «Zorionekoak, ordea, zuen begiak, ikusten dutelako, eta zuen belarriak, entzuten dutelako![17] Benetan diotsuet: Profeta eta gizon santu askok ikusi nahi izan zuten zuek ikusten duzuena, baina ez zuten ikusi, eta entzun nahi zuek entzuten duzuena, baina ez zuten entzun.[18] «Entzun ezazue, beraz, ereilearen parabolaren esanahia.[19] Erregetzaren mezua entzun bai, baina ulertzen ez duenari, gaiztoa etortzen zaio eta bihotzean erein zaiona kendu egiten dio. Hori da, mezua “bide-bazterrak” hazia bezala hartzen duena.[20] “Harri-arteak” bezala hartzen duena hauxe da: mezua entzutean, berehala pozik onartzen duena;[21] baina sustrairik gabea eta iraupen gutxikoa izanik, mezua dela-eta estuasun edo erasoaldiren bat sortu orduko, erori egiten da.[22] “Sasi-arteak” bezala hartzen duena hauxe da: mezua entzun bai, baina bizitza honetako ardurak eta diru-goseak mezua ito egiten diotena, fruiturik gabe utziz.[23] “Lur onak” bezala hartzen duena hauxe da: mezua entzun eta ulertzen duena; honek fruitua ematen du: bateko ehun edo hirurogei edo hogeita hamar».

Matthieu 13:24-30
[24] Beste parabola bat proposatu zien Jesusek: «Jainkoaren erregetzarekin, gizon batek soroan hazi ona erein zuenean bezala gertatzen da.[25] Etxeko denak lo zeudela, etsaiak soroan sartu eta gari artean olo gaiztoa erein zuen eta alde egin.[26] Garia hazi eta burutu zenean, olo gaiztoa ere agertu zen.[27] Joan ziren, orduan, morroiak etxeko nagusiari esatera: “Jauna, ez al zenuen hazi ona erein soroan? Nondik du, bada, olo gaiztoa?”[28] Hark erantzun zien: “Etsaiaren lana da hori”. Eta morroiek: “Joango al gara olo gaiztoa biltzera?”[29] Baina nagusiak: “Ez, ez dadila gerta olo gaiztoa biltzean garia ere ateratzea.[30] Utzi biak batera hazten uztaroa iritsi bitartean; orduan, igitariei esango diet: Bildu lehenik olo gaiztoa, lotu eta erre; garia, berriz, jaso nire mandiora”».

Matthieu 13:31-32
[31] Jesusek beste parabola hau kontatu zien: «Jainkoaren erregetza gizon batek soroan ereiten duen mostaza-haziaren antzekoa da.[32] Hazi guztietan txikiena da; baina, hazten denean, beste barazki guztiak baino handiago bihurtzen da eta zuhaitz egiten, txoriek etorri eta adarretan habiak egiteko moduko zuhaitza».

Matthieu 13:33-34
[33] Beste parabola bat ere esan zien: «Jainkoaren erregetza legamiaren antzekoa da: emakume batek anega bat irinetan nahasten du, eta oraldi guztia harrotzen da».[34] Irakaspen hauek guztiak parabola bidez eman zizkion Jesusek jendeari, eta ez zien ezer irakasten parabolaz izan ezik.

Matthieu 13:44
«Jainkoaren erregetzarekin, landan ezkutatua dagoen altxorrarekin bezala gertatzen da. Norbaitek aurkitzen duelarik, berriro ezkutatu egiten du, eta pozaren pozez joan, dituen guztiak saldu eta landa hura erosten du.

Matthieu 13:45-46
[45] «Era berean, Jainkoaren erregetzarekin, harribitxi bila dabilen tratulariarekin bezala gertatzen da.[46] Balio handiko bat aurkitzen duenean, joan, bere gauza guztiak saldu eta erosi egiten du.

Matthieu 13:47-50
[47] «Jainkoaren erregetzarekin, uretara botatzen den eta mota guztietako arrainak biltzen dituen sarearekin bezala gertatzen da.[48] Betea denean, bazterrera ateratzen dute; gero, eseri eta onak saskira biltzen dituzte eta txarrak kanpora botatzen.[49] Berdin izango da munduaren azkenean: aingeruek etorri eta gaiztoak zintzoen artetik bereiziko dituzte,[50] eta su-labera botako. Negarra eta hortz-karraska izango da han».

Matthieu 15:10-20
[10] Jesusek jendeari dei egin eta esan zion: «Entzun eta ulertu ongi![11] Gizakia ez du ahotik sartzen zaionak kutsatzen; ahotik ateratzen zaionak, horrek kutsatzen du gizakia».[12] Ondoratu zitzaizkion, orduan, ikasleak eta esan zioten: —Ba al dakizu hitz horiekin fariseuak sumindurik utzi dituzuna?[13] Jesusek erantzun zien: —Zeruko nire Aitak landatu ez duen landare oro sustraitik aterako dute.[14] Utz itzazue! Itsu dira, eta itsu-gidari. Eta itsuaren gidaria itsua bada, biak zulora eroriko dira.[15] Pedrok eskatu zion: —Adieraz iezaguzu esanahia.[16] Jesusek erantzun: —Zuek ere ez al duzue oraindik ulertzen?[17] Ez al duzue ikusten ahotik sartzen den guztia sabelera joaten dela eta handik komun-zulora?[18] Ahotik ateratzen dena, berriz, bihotz barrutik dator, eta horrek bai egiten duela gizakia zikin![19] Izan ere, bihotzetik ateratzen dira asmo txarrak, hilketak, adulterioak, lizunkeria, lapurretak, gezurrezko testigantzak, irainak.[20] Horiek dira gizakia kutsatzen dutenak; baina eskuak garbitu gabe otordua egiteak ez du gizakia kutsatzen.

Matthieu 18:10-14
[10] «Kontuz! Ez dezazuela txiki hauetako inor gutxiets. Zeren, egia esan, hauen aingeruak zeruko nire Aitaren aurpegia ikusten ari baitira etengabe. ([11] ).[12] «Zer deritzozue? Gizon batek ehun ardi baldin baditu eta bat galtzen bazaio, ez ote da, beste laurogeita hemeretziak mendian utzirik, galduaren bila joango?[13] Eta aurkitzen badu —benetan esaten dizuet—, poz handiagoa hartzen du harekin, galdu ez diren beste laurogeita hemeretziekin baino.[14] Era berean, zeruko zuen Aitak ez du nahi txiki hauetako inor galtzerik.

Matthieu 18:23-35
[23] «Hain zuzen, zerbitzariekin kontuak garbitu nahi izan zituen erregearekin bezala gertatzen da Jainkoaren erregetzarekin.[24] Kontuak garbitzen hasi orduko, milioi asko zor zizkion zerbitzari bat eraman zioten.[25] Honek ez zuen zerez ordaindu, eta nagusiak bera, emaztea, seme-alabak eta ondasun guztiak saltzeko agindu zuen, zorra ordainarazteko.[26] Zerbitzariak, orduan, nagusiaren oinetan ahuspezturik, eskatu zion: “Emadazu astia, eta dena ordainduko dizut”.[27] Nagusiak, errukiturik, dena barkatu eta libre utzi zuen zerbitzaria.[28] «Baina zerbitzari hark, irten orduko, diru pixka bat zor zion zerbitzu-lagun batekin egin zuen topo eta, lepotik heldurik eta ito beharrean, esaten zion: “Emadak zor duana”.[29] Laguna oinetara erori zitzaion, erreguka: “Emadak astia, eta dena ordainduko diat”.[30] Baina hark ezetz. Eta joan eta kartzelan sartu zuen, zorra ordaindu arte.[31] «Gertatua ikusirik, beste zerbitzariak biziki nahigabetu ziren, eta guztiaren berri nagusiari ematera joan ziren.[32] Orduan, nagusiak zerbitzari hari berriro dei egin eta esan zion: “Zerbitzari gaizto hori! Horrenbesteko zorra barkatu diat nik, erregutu didaalako.[33] Ez al huen hik ere heure lagunaz errukitu behar, ni hitaz errukitu nintzen bezala?”[34] Eta, haserre bizitan, zigorpean utzi zuen nagusiak, zor guztia ordaindu arte.[35] «Berdin-berdin egingo dizue zeruko nire Aitak, senideok elkarri bihotzez barkatzen ez badiozue».

Matthieu 20:1-16
[1] «Izan ere, Jainkoaren erregetzarekin mahasti-nagusiarekin bezala gertatzen da. Goizean goiz bere mahastirako langile bila atera zen.[2] Eguneko lanaren ordainetan zilarrezko txanpon bana emateko tratua egin ondoren, mahastira bidali zituen langileak.[3] «Goizeko bederatziak aldera berriro atera zen eta, beste batzuk plazan lanaren zain ikusirik,[4] esan zien: “Zoazte zuek ere nire mahastira, eta ordainduko dizuet bidezko dena”.[5] Eta haiek ere joan egin ziren. «Atera zen berriro hamabiak aldera eta hirurak aldera, eta gauza bera egin zuen.[6] «Arratsaldeko bostak aldera ere atera zen eta, bertan batzuk geldi aurkiturik, esan zien: “Zertan zaudete hemen egun osoan lanik egin gabe?”[7] Erantzun zioten: “Ez gaitu inork lanerako hartu”. Hark, orduan: “Zoazte zuek ere nire mahastira”.[8] «Iluntzean, nagusiak mahastiko arduradunari esan zion: “Deitu langileei, eta emaiozu bakoitzari bere soldata, azkenekotik hasi eta lehenengora”.[9] «Etorri ziren, bada, arratsaldeko bostetakoak, eta zilarrezko txanpon bana jaso zuten.[10] Lehenengo ordukoek, txanda iritsi zitzaienean, besteek baino gehiago jasoko zutela uste zuten; baina haiek ere zilarrezko txanpon bana jaso zuten.[11] «Orduan, nagusiagatik gaizki-esaka hasi ziren; eta esan zioten berari:[12] “Azkeneko hauek ez dute ordubete besterik lan egin eta guri adina ordaindu diezu, egun osoko nekea eta beroa jasan ditugunoi adina!”[13] Baina nagusiak erantzun zion haietako bati: “Adiskide, ez dizut bidegabekeriarik egiten; ez al dugu tratua zilarrezko txanpon batean egin?[14] Tori dagokizuna eta zoaz; zuri adina eman nahi diot azkeneko honi ere.[15] Ezin ote dut neure diruaz nahi dudana egin? Ala ni ona naizelako ezinikusia didazu?”[16] «Horrela, azkenekoak lehenengo izango dira eta lehenengoak azkeneko».

Matthieu 21:28-32
[28] Jesusek esan zien: «Ea zer iruditzen zaizuen. Gizon batek bi seme zituen. Batarengana joan eta esan zion: “Seme, hoa gaur mahastira lanera”.[29] Hark erantzun zion: “Ez dut nahi”; baina handik berehala damutu eta joan egin zen.[30] Bestearengana ere joan zen aita eta gauza bera esan zion. Eta hark erantzun: “Banoa, jauna”; baina ez zen joan.[31] Zuen ustez, bietatik zeinek egin zuen aitaren nahia?» «Lehenengoak», erantzun zioten. Jesusek esan zien: «Benetan diotsuet: Zergalariak eta emagalduak zuek baino lehenago sartuko dira Jainkoaren erreinuan.[32] Izan ere, etorri zitzaizuen Joan Bataiatzailea Jainkoaren nahiari dagokion jokabidea azalduz, eta ez zenioten sinetsi; zergalariek eta emagalduek, ordea, sinetsi zioten. Eta zuek, hori ikusita ere, ez zarete aldatu: oraindik ez diozue sinetsi.

Matthieu 21:33-45
[33] «Entzun beste parabola hau: Behin batean, nagusi batek mahastia landatu zuen eta harresiz inguratu; lurrean dolarea egin eta mahastizainaren dorrea eraiki zuen. Gero, nekazari batzuei errentan utzirik, urrutira joan zen.[34] Mahatsa biltzeko garaia iritsi zenean, bere morroiak bidali zizkien nekazariei, fruitutik zegokion partea jasotzera.[35] Baina nekazariek morroiak hartu eta bata jo, bestea hil eta bestea harrikatu egin zituzten.[36] Berriro beste morroi batzuk bidali zizkien, aurrekoan baino gehiago, eta haiei ere beste hainbeste egin zieten.[37] Azkenik, bere semea bidali zien, honela pentsatuz: “Neure semeari bederen izango diote begirune”.[38] Nekazariek, ordea, semea ikustean, esan zuten beren artean: “Oinordekoa duk! Hil dezagun eta egin gaitezen mahastiaren jabe”.[39] Hartu, mahastitik kanpora bota eta hil egin zuten».[40] Jesusek galdetu zien: —Zer egingo ote die nekazari horiei mahasti-jabeak itzultzean?[41] Erantzun zioten: —Gupidarik gabe hilko ditu eta bere garaian fruitua emango dioten beste nekazari batzuen esku utziko du mahastia.[42] Jesusek esan zien: —Ez al duzue irakurri Liburu Santuak dioena: Etxegileek baztertutako harria giltzarri gertatu da. Jaunak egin du hori, gure begien harrigarri?[43] «Horregatik diotsuet: Jainkoaren erreinua zuei kendu eta fruitua aterako dion herri bati emango zaio.[44] Eta harri honen gainera erortzen dena lehertu egingo da, eta harri hau inoren gainera erortzen bada, txikitu egingo du ».[45] Parabola hauek entzutean, Jesus beraiengatik ari zela jabetu ziren apaizburuak eta fariseuak.

Matthieu 22:1-14
[1] Jesus berriro parabola bidez hitz egiten hasi zitzaien:[2] «Jainkoaren erregetzarekin, bere semearen ezteiak ospatzen zituen erregearekin bezala gertatzen da.[3] Bidali zituen morroiak gonbidatuei dei egitera. Baina haiek ez zuten etorri nahi izan.[4] Berriro beste morroi batzuk bidali zituen, mandatu honekin: “Esaiezue gonbidatuei: Hara, gertu daukat bazkaria; hilak ditut zezenak eta zekor gizenduak, dena dago prest. Zatozte ezteietara”.[5] Baina gonbidatuek ez zuten jaramonik egin: bata bere sorora joan zen, bestea bere negozioetara,[6] eta gainerakoek, morroiei heldurik, irainez bete eta hil egin zituzten.[7] Sumindu egin zen erregea eta, soldaduak bidaliz, hil egin zituen giza hiltzaile haiek eta su eman herriari.[8] Gero, bere morroiei esan zien: “Ezteiak prest daude, baina gonbidatuak ez ziren gai.[9] Zoazte, bada, bidegurutzeetara eta deitu ezteietara aurkitu ahala guztiak”.[10] Atera ziren morroiak bideetara eta aurkituriko guztiak bildu zituzten, on nahiz gaizto. Eztei-gela bazkaltiarrez bete zen.[11] Erregeak, bazkaltiarrak ikustera sartu zenean, eztei-jantzirik gabe zegoen bat ikusi zuen,[12] eta esan zion: “Adiskidea, nola sartu zara hemen eztei-jantzirik gabe?” Hark hitzik ez.[13] Erregeak mahai-zerbitzariei esan zien, orduan: “Lot ezazue hanka eta esku, eta bota kanpora, ilunpetara. Negarra eta hortz-karraska izango da han”.[14] Zeren gehiago baitira deituak aukeratuak baino ».

Matthieu 24:32-35
[32] «Ikasi pikondoaren irudi honetatik: kimua berritzen eta hostoa zabaltzen zaioneko, badakizue uda hurbil dela.[33] Era berean, gauza horiek ikustean, jakizue hurbil dela, Gizonaren Semea ate ondoan duzuela.[34] Benetan diotsuet: Gizaldi honetakoak hil baino lehen gertatuko dira gauza guztiok.[35] Zeru-lurrak igaroko dira, baina nire hitzak ez dira bete gabe igaroko.

Matthieu 24:45-51
[45] «Izan zaitezte morroi leial eta zentzuduna bezala, nagusiak etxeko morroiei bere orduan janaria banatzeko eginkizuna eman diona bezala.[46] Zorionekoa morroi hori, nagusiak, iristean, agindua egiten aurkitzen badu.[47] Benetan diotsuet: Bere ondasun guztien buru ipiniko du.[48] Baina morroia gaiztoa bada eta, nagusiak luzatu egingo duelakoan,[49] bere morroikideak jotzen eta mozkorrekin jan-edanean hasten bada,[50] gutxien espero duen egunean eta gutxien uste duen orduan etorriko zaio nagusia,[51] eta zigorrik gogorrena ezarriko dio eta itxurazaleek merezi duten zoria emango. Negarra eta hortz-karraska izango dira han.

Matthieu 25:1-13
[1] «Jainkoaren erregetzarekin, kriseiluak hartu eta senar ezkonberriari bidera irten zitzaizkion hamar neskatxekin bezala gertatzen da.[2] Neskatxetako bost zentzugabeak ziren eta bost zentzudunak.[3] Kriseiluak hartzean, zentzugabeek ez zuten oliorik hartu;[4] zentzudunek, ordea, kriseiluekin batera olioa ere hartu zuten ontzietan.[5] Senarrak luzatzen zuenez, logaletu egin ziren denak eta loak hartu zituen.[6] «Gauerdian oihu bat izan zen: “Hemen da senarra! Irten bidera!”[7] Jaiki ziren denak eta beren kriseiluak prestatu zituzten.[8] Orduan, zentzugabeek zentzudunei esan zieten: “Emaguzue olio pixka bat, kriseiluak itzaltzera doazkigu eta”.[9] Zentzudunek erantzun zieten: “Ea ez dugun nahikoa denontzat; hobe duzue badaezpada dendara joan eta erosi”.[10] «Baina, erostera joanak zirelarik, senarra iritsi zen, eta prest zeudenak ezteietara sartu ziren berarekin. Eta atea itxi egin zen.[11] «Iritsi ziren, azkenik, beste neskatxak ere eta dei egin zuten: “Jauna, jauna! Zabaldu!”[12] Baina jaunak erantzun zien: “Benetan diotsuet, ez dakit nor zareten”.[13] «Zain egon, beraz, ez baitakizue, ez egunik, ez ordurik.

Matthieu 25:14-30
[14] «Jainkoaren erregetzarekin, atzerrira irten behar zuen gizonarekin bezala gertatzen da. Bere morroiei dei egin eta ondasunak utzi zizkien:[15] bati bost talentu, beste bati bi eta besteari bat, bakoitzari bere trebetasunaren arabera. Gero, alde egin zuen.[16] Bost talentu hartu zituenak inbertitu egin zituen berehala eta beste bost irabazi.[17] Orobat bi talentu hartu zituenak: inbertitu eta beste bi irabazi zituen.[18] Bat bakarra hartu zuenak, aldiz, lurrean zuloa egin eta bertan gorde zuen nagusiaren dirua.[19] «Handik denbora askora, etorri zen nagusia eta morroiei kontuak hartzen hasi zitzaien.[20] Aurreratu zen bost talentu hartu zituena eta beste bost aurkeztu zizkion, esanez: “Jauna, bost talentu utzi zenizkidan; hona beste bost nik irabaziak”.[21] Nagusiak esan zion: “Ederki, morroi on eta leiala! Gauza gutxian leial izan zara, askoren buru ipiniko zaitut; sartu zeure jaunaren festa ospatzera”.[22] Aurreratu zen, gero, bi talentuduna eta esan zion: “Jauna, bi talentu utzi zenizkidan; hona beste bi nik irabaziak”.[23] Nagusiak esan zion: “Ederki, morroi on eta leiala! Gauza gutxian leial izan zara, askoren buru ipiniko zaitut; sartu zeure jaunaren festa ospatzera”.[24] Aurreratu zen talentu bakarra hartu zuena eta esan zion: “Banekien gizon zorrotza zarena, erein ez duzun tokian hartzen eta zabaldu ez duzun tokian biltzen duzuna;[25] beldur nintzen, eta zure talentua lurrean ezkutatu nuen. Hona zeure dirua!”[26] Nagusiak erantzun zion: “Ai morroi gaizto eta alferra! Bazenekien erein ez dudan tokian hartzen dudana eta zabaldu ez dudan tokian biltzen.[27] Beraz, bankuan jarri behar zenuen nire dirua, itzultzean bere korrituekin jaso nezan.[28] Ken iezaiozue, bada, talentua eta eman hamar dituenari.[29] Izan ere, fruitua dakarrenari eman egingo zaio, eta gainezka izango du; fruiturik ez dakarrenari, ordea, daukan apurra ere kendu egingo zaio.[30] Eta ezertarako gauza ez den morroi hau jaurti kanpora, ilunpetara. Negarra eta hortz-karraska izango dira han”.

Basque Bible 2008
Copyright © Sociedad Bíblica de España, 2008 Utilizada con permiso