A A A A A

Église: [Naissance de Jésus]


Matthieu 1:18-23
[18] Jesus Mesiasen sortzea honela gertatu zen: Maria, Jesusen ama, Joserekin ezkontzeko hitzemana zegoen; eta, elkarrekin bizitzen hasi aurretik, haurdun gertatu zen Espiritu Santuaren egitez.[19] Jose, Mariaren senarra, gizon zuzena zen; ez zuen hura salatu nahi, eta isilean uztea erabaki zuen.[20] Asmo horrekin zebilela, Jaunaren aingerua agertu zitzaion ametsetan eta esan zion: «Jose, Daviden ondorengoa, ez izan beldurrik Maria zeure emaztetzat hartzeko, harengan sortua Espiritu Santuarengandik baitator.[21] Semea izango du, eta zuk Jesus ezarriko diozu izena, berak askatuko baitu bere herria bekatuetatik».[22] Hau guztia, Jaunak profetaren bidez esana bete zedin gertatu zen:[23] Hara, birjinak haurdun gertatu eta semea izango du, eta Emmanuel jarriko dio izena (Emmanuel izenak «Jainkoa gurekin» esan nahi du).

Luc 2:7-21
[7] lehen-semea izan zuen; oihaletan bildu eta abere-aska batean ezarri zuen, ez baitzen ostatuan haientzat tokirik.[8] Baziren inguru hartan artzain batzuk, gauez kanpoan artaldea txandaka zaintzen.[9] Jaunaren aingerua aurkeztu zitzaien eta Jaunaren aintzak argiz inguratu zituen; haiek beldur-ikaraz gelditu ziren,[10] eta aingeruak esan zien: «Ez beldurtu! Hara, berri on pozgarria dakarkizuet, bai zuentzat, bai herri osoarentzat ere:[11] Salbatzailea, hau da, Mesias Jauna, jaio zaizue gaur Daviden herrian.[12] Eta hona seinalea: jaioberri bat aurkituko duzue oihaletan bildua eta askan etzana».[13] Bat-batean, zeruko aingeru-talde handi bat azaldu zen aingeruaren inguruan, Jainkoa goretsiz:[14] «Aintza zeru gorenean Jainkoari eta bakea lurrean berak hain maite dituen gizon-emakumeei!»[15] Aingeruek zerura alde egin zutenean, artzainek ziotsaten elkarri: «Goazen Belenera, Jaunak adierazi digun gertakari hori ikustera».[16] Joan ziren lasterka eta han aurkitu zituzten Maria, Jose eta jaioberria askan etzana.[17] Ikusi zutenean, haurtxo hartaz esan zitzaiena kontatu zuten.[18] Artzainek esandakoa entzun zuten guztiak harriturik gelditu ziren.[19] Mariak, berriz, gertakari guztiok gogoan hartzen zituen, bere barruan hausnartuz.[20] Artzainak, entzun eta ikusi zutenarengatik Jainkoari aintzaka eta goraka itzuli ziren, dena aingeruak esan bezala gertatu baitzitzaien.[21] Jaio eta zortzi egunera haurra erdaindu zutenean, Jesus izena ezarri zioten, sortu aurretik aingeruak esan bezala.

Matthieu 2:1-12
[1] Jesus Judeako Belen herrian jaio zen, Herodes erregearen garaian. Jesus jaio ondoren, sortaldeko jakintsu batzuk azaldu ziren Jerusalemen,[2] galdezka: —Non da juduen errege jaioberria? Haren izarra ikusi dugu sortaldean eta gurtzera gatoz.[3] Berri honekin larritu egin zen Herodes erregea, baita Jerusalem hiri osoa ere.[4] Orduan, herriko apaizburu eta lege-maisu guztiak bildu eta Mesias non jaiotzekoa zen galdetu zien.[5] Haiek erantzun zioten: —Judeako Belenen, honela idatzi baitzuen profetak:[6] Eta zu, Judako Belen, ez zara, ez, Judako hirietan txikiena; zuregandik aterako baita buruzagia, Israel nire herria gobernatuko duena.[7] Orduan, Herodesek, jakintsuak isilean deiturik, izarra noiz agertu zitzaien jakin zuen zehatz.[8] Gero, Belenera bidali zituen, esanez: «Zoazte eta jakin xuxen haurraren berri eta, aurkitu ondoren, adierazi niri, neu ere gurtzera joan nadin».[9] [9-10] Erregearen hitz hauek entzunik, abiatu egin ziren. Bidean, sortaldean ikusitako izarra agertu zitzaien eta biziki poztu ziren. Izarra aurretik joan zitzaien, haurra zegoen toki gainean gelditu arte.[10] ***[11] Etxean sarturik, haurra ikusi zuten Maria bere amarekin eta, ahuspezturik, gurtu; ondoren, beren kutxatilak zabalduz, esku-erakutsiak eskaini zizkioten: urrea, intsentsua eta mirra.[12] Gero, Herodesengana ez itzultzeko oharra ametsetan harturik, beste bide batetik itzuli ziren beren herrialdera.

Galates 4:4
Baina epea bete zenean, Jainkoak bere Semea bidali zuen, emakumeagandik jaioa, legepeko egina,

Luc 2:1-4
[1] Garai hartan, mundu guztiaren errolda egiteko agindu zuen Augusto enperadoreak.[2] Lehen erroldatze hau Siriako gobernari Kirino zela egin zen.[3] Beraz, erroldatzera joan ziren denak, nor bere herrira.[4] Jose ere, Daviden familia eta jatorrikoa baitzen, Galileako Nazaret herritik Judeako Belen zeritzan Daviden herrira igo zen

Apocalypse 12:1-5
[1] Seinale handi bat agertu zen zeruan: emakume bat, eguzkiz jantzia, ilargia oinazpian eta hamabi izarreko koroa buruan.[2] Haurdun zegoen, eta erdiminez eta haurgintzako oinazez garrasika ari zen.[3] Beste seinale bat agertu zen zeruan: herensuge gorri handi bat, zazpi buru eta hamar adar zituena, eta buruetan koroa bana.[4] Bere isatsez zeruko izarren herena herrestan hartu eta lurrera jaurti zuen. Herensugea, haurra izateko zegoen emakumearen aitzinean gelditu zen, jaio bezain laster semea irensteko.[5] Emakumeak semea izan zuen, herri guztiak burdinazko makilaz gobernatuko zituena. Semea hartu eta Jainkoaren tronuraino eraman zuten.

Basque Bible 2008
Copyright © Sociedad Bíblica de España, 2008 Utilizada con permiso