A A A A A
×

Biblia Basque (EAB) 2008

Hébreux 11

1
Fedea, itxaroten dena lortzeko segurtasuna da, ikusten ez diren gauzez konbentzitua egotea.
2
Fede horrengatik onetsi zituen Jainkoak gure arbasoak.
3
Fedeari esker ulertzen dugu bere hitzaz eratu zuela Jainkoak mundua eta, beraz, ikusten duguna ageri ez denetik sortua dela.
4
Fedeari esker eskaini zion Abelek Jainkoari Kainek baino opari ederragoa; horregatik, Jainkoak zintzotzat aitortu zuen Abel eta honen eskaintzak onartu, eta fedeari esker hitz egiten du Abelek, hilda gero ere.
5
Fedeari esker eraman zuen Jainkoak Henok heriotzarik jasan gabe; desagertu egin zen, Jainkoak eramanik. Baina, eramana izan zela esan aurretik, Jainkoak nahi bezala jokatu zuela esaten du Liburu Santuak.
6
Izan ere, federik gabe ezinezkoa da Jainkoaren gogoko izatea, zeren Jainkoarengana hurbiltzen denak sinetsi egin behar baitu hura badela eta haren bila dabiltzanei saria ematen diela.
7
Fedeari esker, Noek, oraindik ikusten ez ziren gauzen berri izan zuelarik, ontzia egin zuen etxekoak salbatzeko, Jainkoaren esaneko izanez. Bere fedeaz gaitzetsi egin zuen mundu sinesgabea, eta fedetik datorren salbamenaren oinordeko egin zen.
8
Fedeari esker, Abraham, Jainkoaren deiari obedituz, Jainkoak ondaretzat emango zion lurraldera abiatu zen, nora zihoan ez zekiela abiatu ere.
9
Fedea zuelako, bere herria utzi eta atzerritar gisa bizi izan zen Jainkoak agindutako lurraldean; oihal-etxolatan bizi izan zen, Jainkoaren agintzari bera hartu zuten Isaak eta Jakob biziko ziren bezalaxe;
10
eta hori, zimendu sendoko hiria, arkitekto eta egile Jainkoa bera duen hiria, itxaron zuelako.
11
Fedeari esker hartu zuen ondorengoa ekartzeko indarra, beraren emazte Sara agorra izan eta berak sasoia joana zuen arren, hitzeman ziona fidagarria zela sinetsi baitzuen.
12
Eta, horrela, gizon bakarrarengandik, eta berau ere ia azkenetan zegoela, zeruko izarrak bezain ugari eta itsasertzeko hondarrak bezain kontaezin ondorengo sortu zen.
13
Horiek guztiak Jainkoak hitzemandako ondasunak eskuratu gabe hil ziren; baina fedearen argitan urrutira ikusi eta agurtu egin zituzten, horrela lur honetan arrotz eta atzerritar zirela aitortuz.
14
Izan ere, horrela hitz egiten dutenek garbi adierazten dute aberriaren bila dabiltzala.
15
Utzi zuten lurraldea izan balute gogoan, bazuten egokiera hara itzultzeko.
16
Baina lur hobea zuten irrika, zerukoa alegia. Horregatik, Jainkoa ez da lotsatzen «haien Jainko» deitua izateaz, hiri bat ere prestatu baitie.
17
Fedeari esker eskaini zuen Abrahamek Isaak, Jainkoak probatu zuenean. Bera, agintzaria hartu zuena, prest zegoen seme bakarra eskaintzeko,
18
nahiz eta seme berorri buruz esana izan Jainkoak: Isaaken bidez izango dituzu ondorengoak.
19
Abrahamek uste zuen Jainkoa gauza dela hilak pizteko ere; horrela, semea berreskuratzea Jainkoaren ahalmen horren ezaugarri gertatu zitzaion.
20
Fedeari esker, Isaakek etorkizunerako bedeinkazioa eman zien Jakobi eta Esauri.
21
Fedeari esker, Jakobek Joseren semeetako bakoitza bedeinkatu zuen hiltzerakoan, eta Jainkoa gurtu zuen, bere makila-buruan ezarrita.
22
Fedeari esker aipatu zuen Josek ere, hilzorian, israeldarrak Egiptotik irtengo zirela, eta bere hezurrekin zer egin behar zuten esan zien.
23
Fedeari esker, Moises jaio zenean, haur ederra zela ikusirik, hiru hilabetez eduki zuten bere gurasoek gordeta, faraoiaren aginduaren beldurrik gabe.
24
Fedeari esker, Moisesek, jadanik gizon heldua zela, uko egin zion faraoiaren alabaren seme-izenari;
25
nahiago izan zuen Jainkoaren herriarekin batera tratu txarrak jasan, bekatuaren atsegin iragankorrak gozatu baino.
26
Izan ere, baliotsuagotzat jo zuen Jainkoaren herriarekin mespretxatua izatea Egiptoko aberastasunak baino, geroko sariari begiratzen baitzion.
27
Fedeari esker alde egin zuen Moisesek Egiptotik faraoiaren haserrearen beldurrik gabe, eta sendo iraun zuen, Jainko ezinikusia ikusiko balu bezala.
28
Fedeari esker ospatu zuen Moisesek Pazkoa eta igurtzi zituen odolaz israeldarren etxeetako ateak, suntsitzaileak haien lehen-semeak uki ez zitzan.
29
Fedeari esker igaro zuten israeldarrek Itsaso Gorria lur lehorra bailitzan, egiptoarrak, beste horrenbeste egiten saiatu zirenean, hondora joan ziren bitartean.
30
Fedeari esker erori ziren Jerikoko harresiak, zazpi egunez hiria inguratu ondoren.
31
Fedeari esker ez zen hondatu Rahab emagaldua sinesgabeekin batera, israeldar ikertzaileei harrera ona egin zielako.
32
Zertan jarraitu hitz egiten? Ez nuke denborarik aski Gedeon, Barak, Samson, Jefte, David, Samuel eta profeten gertakariak esaten hasiko banintz.
33
Fedeari esker, erreinuak menderatu zituzten, justizia egin, Jainkoak agindua eskuratu, lehoien ahoak itxi,
34
su kartsuak itzali, ezpataz hilak izatetik ihes egin, gaixotasunetatik sendatu, borrokan bulartsu izan eta atzerritarren gudarosteei atzera eragin.
35
Eta zenbait emakumek, pizturik berreskuratu zituen bere hildakoak. Beste batzuk, berriz, torturapean hil ziren, handik libratzeari uko eginez, bizitza bikainagora pizteko itxaropenagatik;
36
beste batzuek isekak eta zigorrak, kateak eta kartzelak jasan zituzten;
37
harrikatu egin zituzten, zerraz ebaki, ezpataz hil; noraezean ibili ziren, ahuntz- nahiz ardi-larruz jantzirik, premia gorrian, erasopean eta tratu txarrak hartuz.
38
Munduak merezi baino hobeak ziren, eta noraezean ibili ziren basamortuetan, mendietan eta lurreko harpe eta koba-zuloetan.
39
Baina hauek, beren fedearengatik Jainkoak onetsi zituen arren, ez zuten eskuratu Jainkoak agindutakoa;
40
izan ere, Jainkoak zerbait hobea prestatu zuen guretzat, eta ez zuen nahi izan haiek helmugara gu gabe iristerik.
Hébreux 11:1
Hébreux 11:2
Hébreux 11:3
Hébreux 11:4
Hébreux 11:5
Hébreux 11:6
Hébreux 11:7
Hébreux 11:8
Hébreux 11:9
Hébreux 11:10
Hébreux 11:11
Hébreux 11:12
Hébreux 11:13
Hébreux 11:14
Hébreux 11:15
Hébreux 11:16
Hébreux 11:17
Hébreux 11:18
Hébreux 11:19
Hébreux 11:20
Hébreux 11:21
Hébreux 11:22
Hébreux 11:23
Hébreux 11:24
Hébreux 11:25
Hébreux 11:26
Hébreux 11:27
Hébreux 11:28
Hébreux 11:29
Hébreux 11:30
Hébreux 11:31
Hébreux 11:32
Hébreux 11:33
Hébreux 11:34
Hébreux 11:35
Hébreux 11:36
Hébreux 11:37
Hébreux 11:38
Hébreux 11:39
Hébreux 11:40
Hébreux 1 / Héb 1
Hébreux 2 / Héb 2
Hébreux 3 / Héb 3
Hébreux 4 / Héb 4
Hébreux 5 / Héb 5
Hébreux 6 / Héb 6
Hébreux 7 / Héb 7
Hébreux 8 / Héb 8
Hébreux 9 / Héb 9
Hébreux 10 / Héb 10
Hébreux 11 / Héb 11
Hébreux 12 / Héb 12
Hébreux 13 / Héb 13