1 |
Begira zer-nolako maitasuna izan digun Aitak, Jainkoaren seme-alaba izena eman baitigu, eta izan ere hala gara. Horregatik, mundukoek ez gaituzte ezagutzen, Aita ere ez baitute ezagutu. |
2 |
Ene maiteok, dagoeneko Jainkoaren seme-alaba gara, baina oraindik ez da agertu izango garena. Badakigu, izango garen hori agertuko denean, Jainkoaren antzeko izango garela, den bezalakoa ikusiko baitugu hura. |
3 |
Harengan esperantza hau duen orok garbitu egiten du bere burua, Jesus garbia den bezala. |
4 |
Bekatu egiten duen orok gaizki jokatzen du, bekatua gaiztakeria baita. |
5 |
Eta badakizue bekatuak kentzeko agertu zela Kristo, eta harengan ez da bekaturik. |
6 |
Harekin bat eginik dagoenak ez du gehiago bekaturik egiten. Bekatu egiten duenak hura ez duela ez ikusi, ez ezagutu, erakusten du. |
7 |
Seme-alabatxook, ez zaitzatela inork engaina. Jainkoaren nahia egiten duena zuzena da, Kristo zuzena den bezalaxe. |
8 |
Bekatu egiten duena, berriz, deabruarena da, hasieratik ari baita deabrua bekatu egiten. Hain zuzen, honetarako agertu zen Jainkoaren Semea, deabruaren egintzak deuseztatzeko. |
9 |
Jainkoarengandik jaio denak ez du bekatu egiten jarraitzen, mezuaren hazia bere barruan baitu; ezin du gehiago bekaturik egin, Jainkoarengandik jaioa delako. |
10 |
Honetan agertzen da zein den Jainkoaren seme-alaba eta zein deabruarena: Jainkoaren nahia egiten ez duena, hau da, bere senidea maite ez duena, ez da Jainkoaren seme-alaba. |
11 |
Hauxe da hasieratik entzun duzuen mezua: elkar maita dezagula; |
12 |
ez Kainek bezala, Gaiztoarena izanik, bere anaia Abel hil baitzuen. Eta zergatik hil zuen? Beraren egintzak gaiztoak zirelako eta anaiarenak zuzenak. |
13 |
Ez harritu, senideok, mundukoek gorroto badizuete. |
14 |
Guk badakigu heriotzatik bizira iragan garena, eta hau jakin, senideak maite ditugulako dakigu. Maite ez duena heriotzaren menpe dago. |
15 |
Bere senideari gorroto diona giza hiltzaile da, eta badakizue giza hiltzaileak bere baitan betiko bizirik ez duena. |
16 |
Maitasuna zer den, Kristok gure alde bizia eman duelako jakin dugu. Guk ere senideen alde behar dugu geure bizia eman. |
17 |
Norbaitek lur honetako ondasunak baditu eta, bere senidea premian ikusirik, ez badio errukiz laguntzen, nola izan dezake bere baitan Jainkoaren maitasunik? |
18 |
Seme-alabatxook, ez dezagun hitzez eta ahoz maita, egitez eta egiaz baizik. |
19 |
Horrelaxe jakingo dugu egiarenak garela, eta lasaitu ahal izango dugu geure barrua Jainkoaren aurrean; |
20 |
zeren eta, geure kontzientziak kondenatzen bagaitu ere, gure kontzientziaren gainetik baitago Jainkoa eta dena ezagutzen baitu. |
21 |
Ene maiteok, geure kontzientziak kondenatzen ez bagaitu, berriz, uste osoz jo dezakegu Jainkoarengana, |
22 |
eta eskatutako guztia hartuko dugu harengandik, haren aginduak betetzen baititugu eta atsegin zaiona egiten. |
23 |
Hauxe da Jainkoaren agindua: sinets dezagula beraren Seme Jesu Kristogan eta maita dezagula elkar, berak agindu bezala. |
24 |
Agindu hauek betetzen dituena Jainkoarekin bat eginik dago, eta Jainkoa beronekin. Jainkoa gurekin dagoen seinalea hau da: berak eman digun Espiritua.
|
Basque Bible 2008 |
Copyright © Sociedad Bíblica de España, 2008 Utilizada con permiso |
|
|
|
|
|
|
|
|
|
|
1 Jean 3:1 |
1 Jean 3:2 |
1 Jean 3:3 |
1 Jean 3:4 |
1 Jean 3:5 |
1 Jean 3:6 |
1 Jean 3:7 |
1 Jean 3:8 |
1 Jean 3:9 |
1 Jean 3:10 |
1 Jean 3:11 |
1 Jean 3:12 |
1 Jean 3:13 |
1 Jean 3:14 |
1 Jean 3:15 |
1 Jean 3:16 |
1 Jean 3:17 |
1 Jean 3:18 |
1 Jean 3:19 |
1 Jean 3:20 |
1 Jean 3:21 |
1 Jean 3:22 |
1 Jean 3:23 |
1 Jean 3:24 |
|
|
|
|
|
|
1 Jean 1 / 1Je 1 |
1 Jean 2 / 1Je 2 |
1 Jean 3 / 1Je 3 |
1 Jean 4 / 1Je 4 |
1 Jean 5 / 1Je 5 |