1 |
Horregatik, zeure burua epaile egiten duzun horrek, zarena zarela, ez duzu aitzakiarik. Besteak epaituz, zeure burua kondenatzen duzu, zeuk, epaile horrek, gauza berberak egiten baitituzu. |
2 |
Badakigu horrelakoak egiten dituztenak Jainkoak zorrotz epaitzen dituena. |
3 |
Eta zu, besteengan kondenatzen dituzun gauza berak egiten dituzun hori, Jainkoaren epaiari ihes egingo diozulakoan al zaude? |
4 |
Edota gutxietsi egiten al dituzu Jainkoaren neurrigabeko bihotz ona, eroapena eta pazientzia, beraren bihotz onak bihozberritzera gonbidatzen zaituela ahazturik? |
5 |
Zeure bihotz damugabearen gogorkeriaz zigorra handitzen ari zara zigor-egunerako, Jainkoaren epai zorrotza agertuko den egunerako, alegia. |
6 |
Orduan, bakoitzari bere egintzen arabera ordainduko dio Jainkoak: |
7 |
on egiten iraun eta aintza, izen on eta hilezkortasun bila dabiltzanei betiko bizia emango die; |
8 |
berekoikeriaz egiaren kontra jaikitzen direnei eta zuzengabekeriari men egiten diotenei, berriz, haserrea eta zigorra; |
9 |
atsekabea eta larria emango dizkie gaizkia egiten duten guztiei: juduei lehenengo, baina baita judu ez direnei ere; |
10 |
ospea, ohorea eta bakea ongia egiten duten guztiei: juduei lehenengo, baina baita judu ez direnei ere, |
11 |
Jainkoak ez baitu bereizkeriarik egiten. |
12 |
Moisesen legepean egon gabe bekatu egin dutenak, galdu ere, legerik gabe galduko dira; eta legepean egon eta bekatu egin dutenak legearen bidez izango dira epaituak; |
13 |
ez baitira Jainkoaren aurrean zuzen legea entzun bakarrik egiten dutenak, bete ere egiten dutenak baizik. |
14 |
Begira, jentilek, Moisesen legea ezagutu gabe ere, legeari dagokiona berez egiten dutenean, nahiz legea ez ezagutu, beraiek bihurtzen dira beren buruarentzat lege. |
15 |
Izan ere, legearen errealitatea beren bihotzetan idatzia daukatela erakusten dute, beren kontzientziak aitortzen duen bezala, batzuetan salatu egiten baititu eta besteetan zuritu. |
16 |
Halaxe azalduko da, Jainkoak, Jesu Kristoren bidez eta nik iragartzen dudan berri onaren arabera, gizon-emakumeen barrua epaituko duen egunean. |
17 |
Baina zer esan zutaz, judu izenaz harro zauden horretaz? Legean oinarritzen zara eta Jainkoaz harrotzen; |
18 |
haren nahia ezagutzen duzu eta, legeak hala irakatsirik, onena zer den badakizu; |
19 |
itsuen gidaritzat duzu zeure burua, ilunpetan daudenen argitzat, |
20 |
ezikasien hezitzaile eta ezjakinen irakasletzat, eta hori, ezagutzaren eta egiaren adierazpena legean duzulako. |
21 |
Zuk, bada, besteri irakasten diozun horrek, nola ez diozu irakasten zeure buruari? Ez dela ostu behar hots egiten duzun horrek, zergatik osten duzu zeuk? |
22 |
Adulteriorik ez dela egin behar esan, eta zeuk egiten duzu adulterioa! Sasijainkoak higuingarriak direla esan, eta tratuan jarduten duzu haien jauretxeetan! |
23 |
Legeaz harrotzen zaren horrek, nola desohoratzen duzu Jainkoa, legea hautsiz? |
24 |
Horrela, Liburu Santuak dioen bezala, zuengatik atzerritarrek Jainkoaren izena gaitzesten dute. |
25 |
Erdainkuntza baliotsua duzu, bai, baina legea betetzekotan. Legea hausten baduzu, berriz, erdainkuntzarik ez bazenu bezala da. |
26 |
Erdaingabea, ordea, legearen aginduak betetzen baditu, ez ote du erdaindutzat hartuko Jainkoak? |
27 |
Eta, gorputzez erdaingabea izan arren, legea betetzen duenak epaituko zaitu zu, zeure lege-liburu eta erdainkuntza guztiekin legea betetzen ez duzun hori. |
28 |
Izan ere, benetako judua ez da kanpotik hala dena; eta benetako erdainkuntza ez da kanpotik gorputzean egiten dena. |
29 |
Benetako judua barrutik da eta benetako erdainkuntza bihotzekoa, Espirituak egiten duena eta ez idatzitako legeak. Hau da, gizakiak ez, baina Jainkoak aintzat hartzen duena.
|
Basque Bible 2008 |
Copyright © Sociedad Bíblica de España, 2008 Utilizada con permiso |
|
|
|
|
|
|
|
|
|
|
Romains 2:1 |
Romains 2:2 |
Romains 2:3 |
Romains 2:4 |
Romains 2:5 |
Romains 2:6 |
Romains 2:7 |
Romains 2:8 |
Romains 2:9 |
Romains 2:10 |
Romains 2:11 |
Romains 2:12 |
Romains 2:13 |
Romains 2:14 |
Romains 2:15 |
Romains 2:16 |
Romains 2:17 |
Romains 2:18 |
Romains 2:19 |
Romains 2:20 |
Romains 2:21 |
Romains 2:22 |
Romains 2:23 |
Romains 2:24 |
Romains 2:25 |
Romains 2:26 |
Romains 2:27 |
Romains 2:28 |
Romains 2:29 |
|
|
|
|
|
|
Romains 1 / Rom 1 |
Romains 2 / Rom 2 |
Romains 3 / Rom 3 |
Romains 4 / Rom 4 |
Romains 5 / Rom 5 |
Romains 6 / Rom 6 |
Romains 7 / Rom 7 |
Romains 8 / Rom 8 |
Romains 9 / Rom 9 |
Romains 10 / Rom 10 |
Romains 11 / Rom 11 |
Romains 12 / Rom 12 |
Romains 13 / Rom 13 |
Romains 14 / Rom 14 |
Romains 15 / Rom 15 |
Romains 16 / Rom 16 |