1 |
Behin batean, larunbatez, gari-soro batean zehar zihoan Jesus. Eta ikasleek, galburuak hartu eta eskuan aleturik, jan egiten zituzten. |
2 |
Fariseu batzuek esan zieten: —Nola ari zarete egiten, larunbatez zilegi ez dena? |
3 |
Jesusek erantzun zien: —Ez al duzue irakurri Davidek egin zuena, bera eta bere lagunak goseak aurkitu zirenean? |
4 |
Jainkoaren etxean sartu, Jaunari eskainiriko ogiak hartu eta jan egin zituen, eta bere lagunei ere eman zizkien, legez apaizek bakarrik jan zitzaketen ogiak izanik. |
5 |
Eta, gainera, esan zien: —Larunbataren nagusi da Gizonaren Semea. |
6 |
Beste larunbat batez, sinagogan sartu zen Jesus irakastera. Bazen han eskuineko besoa elbarri zeukan gizon bat. |
7 |
Lege-maisu eta fariseuak zelatan zegozkion ea larunbatez sendatzen ote zuen, zertan salatu izateko. |
8 |
Jesusek, haien gogoetak igarririk, beso-elbarriari esan zion: —Jaiki eta atera zaitez erdira. Hura jaiki eta atera egin zen. |
9 |
Jesusek esan zien, orduan: —Galdera bat: Larunbatez zer dugu legezko, on egitea ala gaitz egitea, bizia salbatzea ala kentzea? |
10 |
Eta, inguruko guztiei begira, honela esan zion gizonari: —Luzatu beso hori. Luzatu zuen, eta sendatu egin zitzaion. |
11 |
Lege-maisu eta fariseuak beren onetik aterata gelditu ziren, eta Jesusi zer egingo ari ziren beren artean. |
12 |
Egun haietako batean, Jesus mendira joan zen otoitz egitera, eta Jainkoari otoitzean igaro zuen gaua. |
13 |
Eguna argitu zuenean, ikasleei deitu eta haietako hamabi aukeratu zituen, eta apostolu izena eman zien: |
14 |
Simon —honi Pedro izena eman zion—, honen anaia Andres, Santiago, Joan, Felipe, Bartolome, |
15 |
Mateo, Tomas, Santiago Alfeorena, Simon —Zelote zeritzana—, |
16 |
Judas Santiagorena eta Judas Iskariote —Jesusen saltzaile gertatu zena—. |
17 |
Jesus, ikasleekin menditik jaitsi ondoren, zelaigune batean gelditu zen. Ikasleetariko asko harekin ziren; baita herriko jende-talde handia ere, Judea osotik, Jerusalemdik eta Tiro eta Sidongo itsasaldetik etorria, |
18 |
hari entzutera eta berak gaitzetatik senda zitzan. Espiritu gaiztoek oinazetuak sendaturik gelditzen ziren. |
19 |
Jende guztiak Jesus ukitu nahi zuen, denak sendatzen zituen halako indar bat baitzerion. |
20 |
Jesusek, ikasleei begira, honela esan zuen: «Zorionekoak behartsuok, zuek baituzue Jainkoa errege. |
21 |
«Zorionekoak orain gose zaretenok, aseko baitzaituzte Jainkoak. «Zorionekoak orain negar egiten duzuenok, barre egingo baituzue. |
22 |
«Zorionekoak zuek, Gizonaren Semea dela eta, jendeak gorrotatu, kanpora bota eta madarikatuko zaituztetenean eta izen txarra emango dizuetenean. |
23 |
Alai zaitezte egun horretan eta egin pozez jauzi, handia izango baita zuen saria zeruan; gauza bera egin zieten profetei jende horren gurasoek. |
24 |
«Baina ai zuek, aberatsok, bai baituzue zeuen poza! |
25 |
«Ai zuek, orain aseak zaudetenok, gose izango baitzarete! «Ai zuek, orain barre egiten duzuenok, aiene eta negar egingo baituzue! |
26 |
«Ai zuek, mundu guztiak zuetaz ongi hitz egingo duenean, gauza bera egin baitzieten sasiprofetei jende horren gurasoek! |
27 |
«Baina zuei, entzuleoi, hau diotsuet: Maitatu etsaiak, egin ongi gorroto dizuetenei, |
28 |
bedeinkatu madarikatzen zaituztetenak, egin otoitz izen ona kentzen dizuetenen alde. |
29 |
«Masail batean jotzen zaituenari eskaini bestea ere; soingainekoa kentzen dizunari, ez ukatu soinekoa ere. |
30 |
Eskatzen dizun edonori, eman, eta zeurea kentzen dizunari, ez bihurrarazi. |
31 |
Eta besteek zuei egitea nahi duzuena, egin zuek ere besteei. |
32 |
«Maite zaituztetenak bakarrik maite badituzue, zer esker on zor zaizue? Bekatariek ere maite dituzte beren maitaleak. |
33 |
Eta ongi egiten dizuetenei bakarrik egiten badiezue ongi, zer esker on zor zaizue? Bekatariek ere egiten dute beste horrenbeste. |
34 |
Eta ordaina hartzekotan bakarrik ematen baduzue maileguz, zer esker on zor zaizue? Bekatariek ere aurreratu ohi diote elkarri, beste hainbeste hartzekotan. |
35 |
Ez! Zuek maitatu etsaiak, egin ongi eta eman maileguz ordainari begiratu gabe: handia izango da zuen saria eta Goi-goikoaren seme-alaba izango zarete, ona baita bera esker txarreko eta gaiztoentzat. |
36 |
Izan zaitezte errukitsuak, zuen Aita errukitsua den bezala. |
37 |
«Ez gaitzetsi inor eta Jainkoak ere ez zaituzte gaitzetsiko; ez kondenatu inor eta Jainkoak ere ez zaituzte kondenatuko; barkatu, eta Jainkoak ere barkatuko dizue; |
38 |
eman, eta emango dizue: neurri betea, sakatua, estutua eta leporainokoa emango dizue altzora. Izan ere, zuek zein neurriz neurtu, halakoaz neurtuko zaituzte Jainkoak». |
39 |
Eta parabola bat ere esan zien: «Itsua itsuaren gidari izan ote liteke? Ez ote dira biak zulora eroriko? |
40 |
Ikaslea ez da irakaslea baino gehiago, baina ongi eskolaturiko ikaslea irakaslea adina izango da. |
41 |
«Nola ikusten duzu senidearen begiko lasto-izpia eta zeure begiko hagaz ohartzen ez? |
42 |
Nola esan diezaiokezu senideari: “Adiskide, utzi begian duzun lasto-izpia ateratzen”, zuk zeurean duzun haga ikusten ez duzula? Itxurazale hori! Kendu lehenengo zeure begitik haga, eta orduan ikusiko duzu garbi, senidearen begitik lasto-izpia ateratzeko. |
43 |
«Ez dago zuhaitz onik fruitu txarra ematen duenik, ezta zuhaitz txarrik ere fruitu ona ematen duenik. |
44 |
Bere fruituetatik antzematen zaio zuhaitzari; ez da arantzatik pikurik biltzen, ezta sasitik ere mahatsik hartzen. |
45 |
Ona denak ona ateratzen du bere barneko ontasun-altxorretik; eta gaiztoak gaitza bere gaiztakeri altxorretik. Ahoak esan, bihotzari gainezka darionetik esaten baitu. |
46 |
«Zergatik esaten didazue “Jauna, Jauna”, eta ez duzue egiten esaten dizuedana? |
47 |
Erakutsiko dizuet noren antzeko den niregana hurbildu eta nire esanak entzun eta betetzen dituena: |
48 |
etxea egitean, zulatu, sakondu eta oinarriak harkaitzean hartu zituen gizon baten antzekoa da. Uholdea gertaturik, jo zuen ur-boladak etxea, baina ezin izan zuen dardararazi, sendo egina baitzen. |
49 |
Entzun bai, baina betetzen ez dituena, berriz, etxea lur gainean, oinarririk gabe, egin zuen gizonaren antzekoa da. Jo zuen ur-boladak eta berehala erori zen, eta dena porrokatua gelditu».
|
Basque Bible 2008 |
Copyright © Sociedad Bíblica de España, 2008 Utilizada con permiso |
|
|
|
|
|
|
|
|
|
|
Luc 6:1 |
Luc 6:2 |
Luc 6:3 |
Luc 6:4 |
Luc 6:5 |
Luc 6:6 |
Luc 6:7 |
Luc 6:8 |
Luc 6:9 |
Luc 6:10 |
Luc 6:11 |
Luc 6:12 |
Luc 6:13 |
Luc 6:14 |
Luc 6:15 |
Luc 6:16 |
Luc 6:17 |
Luc 6:18 |
Luc 6:19 |
Luc 6:20 |
Luc 6:21 |
Luc 6:22 |
Luc 6:23 |
Luc 6:24 |
Luc 6:25 |
Luc 6:26 |
Luc 6:27 |
Luc 6:28 |
Luc 6:29 |
Luc 6:30 |
Luc 6:31 |
Luc 6:32 |
Luc 6:33 |
Luc 6:34 |
Luc 6:35 |
Luc 6:36 |
Luc 6:37 |
Luc 6:38 |
Luc 6:39 |
Luc 6:40 |
Luc 6:41 |
Luc 6:42 |
Luc 6:43 |
Luc 6:44 |
Luc 6:45 |
Luc 6:46 |
Luc 6:47 |
Luc 6:48 |
Luc 6:49 |
|
|
|
|
|
|
Luc 1 / Luc 1 |
Luc 2 / Luc 2 |
Luc 3 / Luc 3 |
Luc 4 / Luc 4 |
Luc 5 / Luc 5 |
Luc 6 / Luc 6 |
Luc 7 / Luc 7 |
Luc 8 / Luc 8 |
Luc 9 / Luc 9 |
Luc 10 / Luc 10 |
Luc 11 / Luc 11 |
Luc 12 / Luc 12 |
Luc 13 / Luc 13 |
Luc 14 / Luc 14 |
Luc 15 / Luc 15 |
Luc 16 / Luc 16 |
Luc 17 / Luc 17 |
Luc 18 / Luc 18 |
Luc 19 / Luc 19 |
Luc 20 / Luc 20 |
Luc 21 / Luc 21 |
Luc 22 / Luc 22 |
Luc 23 / Luc 23 |
Luc 24 / Luc 24 |