1 |
Bitartean, milaka eta milaka lagun bildua zen, elkar zapaldu beharrean. Jesus hizketan hasi zitzaien, lehenik ikasleei zuzenduz: «Ibili kontuz fariseuen legamiarekin, hau da, itxurazalekeriarekin. |
2 |
Ez dago ezer gordeta agertuko ez denik, ezta ere ezer ezkutuan jakingo ez denik. |
3 |
Zeren gau-ilunez esan duzuena egun-argiz entzungo baita, eta etxe-zokoan belarrira esan duzuena etxe gainetik hots egingo. |
4 |
«Entzun zuek, nire adiskideok. Ez izan beldurrik gorputza hil bai, baina hortik aurrera ezer egiterik ez dutenei. |
5 |
Esango dizuet nori izan beldur: Izan beldur hiltzeko eta ondoren infernura jaurtitzeko ahalmena duenari. Bai, izan beldur horri! |
6 |
Ez ote dira bost txori bi sosetan saltzen? Alabaina, haietako bat bakarra ere ez dauka Jainkoak ahazturik. |
7 |
Zuen buruko ileak ere denak zenbatuak dauzka Jainkoak. Ez izan beldur: txori guztiek baino gehiago balio duzue. |
8 |
«Egia esan, jendaurrean aitortzen nauena aitortuko du Gizonaren Semeak ere Jainkoaren aingeruen aurrean; |
9 |
baina jendaurrean ukatzen nauena ukatu egingo dute Jainkoaren aingeruen aurrean. |
10 |
Gizonaren Semearen kontra zerbait esaten duenari barkatuko dio Jainkoak; baina Espiritu Santuaren kontra birao egiten duenari, ez dio barkatuko. |
11 |
«Sinagogetara eta buruzagien eta agintarien aurrera eramango zaituztetenean, ez egon kezkatan nola egin edo zer esan zeuen alde, |
12 |
Espiritu Santuak adieraziko baitizue une hartan bertan zer esan behar duzuen». |
13 |
Behin batean, jendarteko batek esan zion Jesusi: —Maisu, esaiozu nire anaiari senipartea nirekin erdibanatzeko. |
14 |
Jesusek erantzun zion: —Gizon, nork egin nau ni zuen artean epaile edo ondasun-banatzaile? |
15 |
Orduan, guztiei esan zien: —Kontuz! Gorde diru-gosetik, ondasunek ez baitiote inori bizia segurtatzen, ugari izanda ere. |
16 |
Gero, parabola hau kontatu zien: «Gizon aberats bati lurrak uzta handia eman zion. |
17 |
Eta honela hasi zen berekiko pentsatzen: “Zer egin, ez baitut uzta non jasorik?” |
18 |
Eta beretzat esan zuen: “Badakit zer egin: mandio zaharrak bota eta handiagoak egingo ditut eta hauetan jasoko neure garia eta gainerakoak. |
19 |
Gero, esango diot neure buruari: Ea, mutil, baduk hor gordeta urteetarako ondasunik aski; hartu atseden, jan, edan eta bizi hadi lasai”. |
20 |
Baina Jainkoak esan zion: “Burugabea halakoa! Gaur gauean bertan hil behar duzu. Norentzat izango da pilatu duzuna?”» |
21 |
Eta honela amaitu zuen: «Horra zer gertatzen zaion, Jainkoarentzat aberats izan beharrean, beretzat ondasunak pilatzen dituenari». |
22 |
Ondoren, bere ikasleei esan zien Jesusek: «Horregatik diotsuet: Ez kezkatu bizitzeko zer jango, edota gorputza zerez jantziko. |
23 |
Izan ere, bizia janaria baino gehiago da, eta gorputza jantzia baino gehiago. |
24 |
Begira beleei: ez dute ereiten, ez uztarik biltzen; ez dute bihitegirik, ez mandiorik; hala ere, Jainkoak janaritzen ditu. Zenbat gehiago ez ote duzue balio zuek hegaztiek baino! |
25 |
Asko arduratu arren, zuetako nork luza lezake bizitza apurtxo bat ere? |
26 |
Beraz, gauzarik txikiena ere ezin baduzue, zertan kezkatu gainerakoaz? |
27 |
Begira nola hazten diren loreak: ez dira lanean penatzen, ez dute iruten; baina, egia esan, Salomon bera ere, bere ospe guztian, ez zen janzten horietako baten pare. |
28 |
Beraz, gaur belardian dagoen eta bihar sutan erreko den belarra Jainkoak horrela janzten badu, zenbat gehiago ez ote zaituzte jantziko zuek, sinesmen gutxikook? |
29 |
«Zuek ez ibili larri jan-edanaren bila. |
30 |
Fedegabeak arduratu ohi dira horiez guztiez; baina zuen Aitak badaki horren beharra duzuena. |
31 |
Ardura zaitezte, ordea, Jainkoaren erregetzaz, eta beste hori gehigarritzat emango dizue Jainkoak. |
32 |
Ez izan beldur, ene artaldetxo hori, atsegin izan baitu zuen Aitak zuen alde errege izatea. |
33 |
«Saldu zeuen ondasunak eta eman limosna. Pila itzazue zeruan hondatuko ez diren ondasunak, huts egingo ez dizueten aberastasunak, hara ez baita lapurrik hurbiltzen, ezta han sitsak jaten ere. |
34 |
Zeren, zuen aberastasuna non, zuen bihotza han. |
35 |
«Zaudete prest, jantziak loturik eta kriseiluak pizturik; |
36 |
izan zaitezte nagusia ezteietatik itzuli zain dauden morroiak bezala, iritsi eta atea jo bezain laster irekitzeko prest dauden morroiak bezala. |
37 |
Zorionekoak morroi horiek, nagusiak, iristean, zain aurkitzen baditu. Benetan diotsuet: Arropak aldaturik, mahaian eseraraziko ditu eta zerbitzatzen hasiko zaie. |
38 |
Eta gauerdian edo goizaldera badator eta horrela aurkitzen baditu, zorionekoak haiek! |
39 |
«Gogoan hartu hau: etxeko nagusiak, lapurra zein ordutan etorriko den jakingo balu, ez luke etxea zulatzen utziko. |
40 |
Egon prest zuek ere, gutxien uste duzuen orduan etorriko baita Gizonaren Semea». |
41 |
Pedrok galdetu zion: «Jauna, guretzat ala denentzat esan duzu parabola hau?» |
42 |
Jaunak esan zuen: «Izan zaitezte etxezain leial eta zentzuduna bezala, nagusiak bere orduan otordua banatzeko morroien buru ipini duena bezala. |
43 |
Zorionekoa morroi hori, nagusiak, iristean, agindua egiten aurkitzen badu! |
44 |
Benetan diotsuet: Bere ondasun guztien buru ipiniko du. |
45 |
Baina morroia, nagusiak luzatu egingo duelakoan, morroi eta neskameak jotzen, jan-edanean eta mozkorkerian hasten bada, |
46 |
gutxien espero duen egunean eta gutxien uste duen orduan etorriko zaio nagusia, eta zigorrik gogorrena ezarriko dio, eta desleialek merezi duten zoria emango. |
47 |
Nagusiaren gogoa zein den jakin arren, gauzak hark nahi bezala eratzen edo egiten ez dituen morroiak zigor zorrotza izanen du; |
48 |
nagusiaren gogoa zein den jakin gabe, zigorra merezi duen zerbait egiten duenak, berriz, biguna. Asko eman zitzaionari, asko eskatuko zaio; askoren kargua eman zitzaionari, are kontu handiagoa eskatuko. |
49 |
«Lurrean sua jartzera etorri naiz, eta nahiago nuke dagoeneko piztua balego! |
50 |
Heriotza-uretan murgildu behar dut, eta hau nire larria hori bete arte! |
51 |
«Munduari bakea ematera etorria naizela uste al duzue? Egia esan, bakea ez, banaketa baizik. |
52 |
Zeren hemendik aurrera, etxe bateko bost senideak elkarrekin banaturik egongo baitira: hiru biren kontra eta bi hiruren kontra; |
53 |
aita semearen aurka eta semea aitaren aurka, ama alabaren kontra eta alaba amaren kontra, amaginarreba errainaren kontra eta erraina amaginarrebaren kontra». |
54 |
Jesusek hau ere esan zion jendeari: «Sartaldean lainoa ikusi orduko, “Euria dator” esaten duzue, eta hala gertatzen da. |
55 |
Hego-haizea denean, berriz, “Sargoria dugu” esaten duzue, eta hala gertatzen da. |
56 |
Itxurazaleok! Badakizue zeru-lurren itxurari antzematen, eta nola ez diozue antzematen garai honi? |
57 |
«Zergatik ez duzue zeuen kabuz zuzen dena erabakitzen? |
58 |
Esate baterako, etsaiarekin auzitegira zoazela, saia zaitez bidean harekin konponbidea aurkitzen; bestela, epaileagana eramango zaitu eta epaileak ertzainaren eskuetan jarriko eta ertzainak kartzelara botako. |
59 |
Egia esan, ez zara handik aterako azken semeikoa ordaindu arte».
|
Basque Bible 2008 |
Copyright © Sociedad Bíblica de España, 2008 Utilizada con permiso |
|
|
|
|
|
|
|
|
|
|
Luc 12:1 |
Luc 12:2 |
Luc 12:3 |
Luc 12:4 |
Luc 12:5 |
Luc 12:6 |
Luc 12:7 |
Luc 12:8 |
Luc 12:9 |
Luc 12:10 |
Luc 12:11 |
Luc 12:12 |
Luc 12:13 |
Luc 12:14 |
Luc 12:15 |
Luc 12:16 |
Luc 12:17 |
Luc 12:18 |
Luc 12:19 |
Luc 12:20 |
Luc 12:21 |
Luc 12:22 |
Luc 12:23 |
Luc 12:24 |
Luc 12:25 |
Luc 12:26 |
Luc 12:27 |
Luc 12:28 |
Luc 12:29 |
Luc 12:30 |
Luc 12:31 |
Luc 12:32 |
Luc 12:33 |
Luc 12:34 |
Luc 12:35 |
Luc 12:36 |
Luc 12:37 |
Luc 12:38 |
Luc 12:39 |
Luc 12:40 |
Luc 12:41 |
Luc 12:42 |
Luc 12:43 |
Luc 12:44 |
Luc 12:45 |
Luc 12:46 |
Luc 12:47 |
Luc 12:48 |
Luc 12:49 |
Luc 12:50 |
Luc 12:51 |
Luc 12:52 |
Luc 12:53 |
Luc 12:54 |
Luc 12:55 |
Luc 12:56 |
Luc 12:57 |
Luc 12:58 |
Luc 12:59 |
|
|
|
|
|
|
Luc 1 / Luc 1 |
Luc 2 / Luc 2 |
Luc 3 / Luc 3 |
Luc 4 / Luc 4 |
Luc 5 / Luc 5 |
Luc 6 / Luc 6 |
Luc 7 / Luc 7 |
Luc 8 / Luc 8 |
Luc 9 / Luc 9 |
Luc 10 / Luc 10 |
Luc 11 / Luc 11 |
Luc 12 / Luc 12 |
Luc 13 / Luc 13 |
Luc 14 / Luc 14 |
Luc 15 / Luc 15 |
Luc 16 / Luc 16 |
Luc 17 / Luc 17 |
Luc 18 / Luc 18 |
Luc 19 / Luc 19 |
Luc 20 / Luc 20 |
Luc 21 / Luc 21 |
Luc 22 / Luc 22 |
Luc 23 / Luc 23 |
Luc 24 / Luc 24 |