1 |
Jerusalemdik etorritako zenbait fariseu eta lege-maisu hurbildu zitzaizkion Jesusi eta galdetu zioten: |
2 |
—Zergatik hausten dute zure ikasleek zaharren ohitura? Ez dute otordu aurretik eskuen garbikuntza egiten. |
3 |
Jesusek erantzun zien: —Eta zuek zergatik hausten duzue Jainkoaren agindua zeuen usadioengatik? |
4 |
Esate baterako, Jainkoak esan zizuen: Ohoratu aita-amak, eta: Aita nahiz ama madarikatzen duenak heriotza-zigorra izango du. |
5 |
Zuek, ordea, beste hau diozue: Norbaitek aitari edo amari esaten badio: «Zuri eman behar nizukeena Jainkoari eskainia diot», |
6 |
halakoak ez duela aitarekiko agindu hori bete beharrik; horrela, Jainkoaren hitza baliogabe uzten duzue, zeuen usadioengatik. |
7 |
Itxurazaleok halakook! Ederki asko esan zuen Isaias profetak zuetaz: |
8 |
Herri honek ezpainez ohoratzen nau, baina niregandik urrun du bihotza; |
9 |
alferrik naute gurtzen; hauen irakaspena giza agindu hutsa. |
10 |
Jesusek jendeari dei egin eta esan zion: «Entzun eta ulertu ongi! |
11 |
Gizakia ez du ahotik sartzen zaionak kutsatzen; ahotik ateratzen zaionak, horrek kutsatzen du gizakia». |
12 |
Ondoratu zitzaizkion, orduan, ikasleak eta esan zioten: —Ba al dakizu hitz horiekin fariseuak sumindurik utzi dituzuna? |
13 |
Jesusek erantzun zien: —Zeruko nire Aitak landatu ez duen landare oro sustraitik aterako dute. |
14 |
Utz itzazue! Itsu dira, eta itsu-gidari. Eta itsuaren gidaria itsua bada, biak zulora eroriko dira. |
15 |
Pedrok eskatu zion: —Adieraz iezaguzu esanahia. |
16 |
Jesusek erantzun: —Zuek ere ez al duzue oraindik ulertzen? |
17 |
Ez al duzue ikusten ahotik sartzen den guztia sabelera joaten dela eta handik komun-zulora? |
18 |
Ahotik ateratzen dena, berriz, bihotz barrutik dator, eta horrek bai egiten duela gizakia zikin! |
19 |
Izan ere, bihotzetik ateratzen dira asmo txarrak, hilketak, adulterioak, lizunkeria, lapurretak, gezurrezko testigantzak, irainak. |
20 |
Horiek dira gizakia kutsatzen dutenak; baina eskuak garbitu gabe otordua egiteak ez du gizakia kutsatzen. |
21 |
Handik irtenik, Tiro eta Sidon aldera aldendu zen Jesus. |
22 |
Hartan, inguru haietan bizi zen emakume kanaandar bat deiadarka hasi zitzaion: —Erruki zakizkit, Jauna, Daviden Semea! Oinaze gorritan dauka deabruak nire alaba. |
23 |
Baina Jesusek ez zion hitzik erantzun. Bere ikasleek, ondoraturik, eskatu zioten: —Kasu egiozu, deiadarka baitatorkigu atzetik. |
24 |
Jesusek, ordea: —Israel herriko ardi galduengana bakarrik bidali nau Jainkoak. |
25 |
Baina emakumea, hurbildurik, ahuspez jarri zitzaion, esanez: —Lagun nazazu, Jauna. |
26 |
Jesusek, orduan: —Ez dago ongi seme-alabei ogia kendu eta txakurrei botatzea. |
27 |
Emakumeak erantzun zion: —Bai, Jauna, halaxe da; baina txakurrek ere jan ohi dituzte nagusien mahaitik erortzen diren ogi-apurrak. |
28 |
Orduan, Jesusek esan zion: —Emakumea, handia da zure fedea! Gerta bekizu nahi duzuna! Eta une hartatik sendatua gelditu zitzaion alaba. |
29 |
Handik atera eta Galileako aintzira-bazterrera joan zen Jesus. Mendira igo zen eta eseri. |
30 |
Jendetza handia bildu zitzaion, herren, itsu, besamotz, mutu eta bestelako gaixo asko berekin zituztela. Ondoan ipintzen zizkioten eta Jesusek sendatu egiten zituen. |
31 |
Denak harriturik gelditu ziren ikusten zutenaz: mutuak hizketan, elbarriak sendaturik, herrenak ibiltzen eta itsuak ikusten. Eta Israelen Jainkoa goresten hasi ziren. |
32 |
Jesusek bere ikasleei dei egin eta esan zien: —Errukia ematen dit jende honek: badaramatzate hiru egun nirekin eta ez dute deus ere jateko. Eta ez ditut etxera baraurik bidali nahi, ahuleziak joko bailituzke bidean. |
33 |
Ikasleek esan zioten: —Baina nondik atera guk bakardade honetan, hainbat jende asetzeko adina ogi? |
34 |
Jesusek galdetu zien: —Zenbat ogi dituzue? —Zazpi —erantzun zioten— eta arraintxo banaka batzuk. |
35 |
Orduan, jendeari lurrean esertzeko agindu zion. |
36 |
Gero, zazpi ogiak eta arrainak hartu eta, Jainkoari esker oneko otoitza egin ondoren, zatitu eta bere ikasleei eman zizkien, eta ikasleek jendeari. |
37 |
Asetzeraino jan zuten denek, eta zazpi otarre bete zituzten hondarrekin. |
38 |
Lau mila gizon izan ziren jan zutenak, emakumeak eta haurrak aparte. |
39 |
Gero, jendeari agur egin ondoren, Jesus txalupara igo eta Magadan lurraldera joan zen.
|
Basque Bible 2008 |
Copyright © Sociedad Bíblica de España, 2008 Utilizada con permiso |
|
|
|
|
|
|
|
|
|
|
Matthieu 15:1 |
Matthieu 15:2 |
Matthieu 15:3 |
Matthieu 15:4 |
Matthieu 15:5 |
Matthieu 15:6 |
Matthieu 15:7 |
Matthieu 15:8 |
Matthieu 15:9 |
Matthieu 15:10 |
Matthieu 15:11 |
Matthieu 15:12 |
Matthieu 15:13 |
Matthieu 15:14 |
Matthieu 15:15 |
Matthieu 15:16 |
Matthieu 15:17 |
Matthieu 15:18 |
Matthieu 15:19 |
Matthieu 15:20 |
Matthieu 15:21 |
Matthieu 15:22 |
Matthieu 15:23 |
Matthieu 15:24 |
Matthieu 15:25 |
Matthieu 15:26 |
Matthieu 15:27 |
Matthieu 15:28 |
Matthieu 15:29 |
Matthieu 15:30 |
Matthieu 15:31 |
Matthieu 15:32 |
Matthieu 15:33 |
Matthieu 15:34 |
Matthieu 15:35 |
Matthieu 15:36 |
Matthieu 15:37 |
Matthieu 15:38 |
Matthieu 15:39 |
|
|
|
|
|
|
Matthieu 1 / Matt 1 |
Matthieu 2 / Matt 2 |
Matthieu 3 / Matt 3 |
Matthieu 4 / Matt 4 |
Matthieu 5 / Matt 5 |
Matthieu 6 / Matt 6 |
Matthieu 7 / Matt 7 |
Matthieu 8 / Matt 8 |
Matthieu 9 / Matt 9 |
Matthieu 10 / Matt 10 |
Matthieu 11 / Matt 11 |
Matthieu 12 / Matt 12 |
Matthieu 13 / Matt 13 |
Matthieu 14 / Matt 14 |
Matthieu 15 / Matt 15 |
Matthieu 16 / Matt 16 |
Matthieu 17 / Matt 17 |
Matthieu 18 / Matt 18 |
Matthieu 19 / Matt 19 |
Matthieu 20 / Matt 20 |
Matthieu 21 / Matt 21 |
Matthieu 22 / Matt 22 |
Matthieu 23 / Matt 23 |
Matthieu 24 / Matt 24 |
Matthieu 25 / Matt 25 |
Matthieu 26 / Matt 26 |
Matthieu 27 / Matt 27 |
Matthieu 28 / Matt 28 |