A A A A A

Ésaïe 43:1-28
1. Baina orain, Israel, Jakoben herri, honela mintzo zaizu Jauna, sortu eta eratu zaituena: «Ez izan beldur, askatu egin baitzaitut eta zeure izenez deitu: nirea zara zu.
2. Ibaiak pasatzean, zurekin izango naiz: urek ez zaituzte hondoratuko; sutatik igarotzean, ez zara erreko, ez zaitu sugarrak kiskaliko.
3. Neu bainaiz Jauna, zure Jainkoa, Israelen Jainko santua da zure salbatzailea. Egipto eman dut zure askapen-sari, Etiopia eta Seba, zure ordainetan
4. hain preziatua baitzara niretzat: biziki estimatzen eta maite zaitudalako, gizakiak ematen ditut zure truke, herriak zure biziaren ordain.
5. Ez izan beldur, zurekin bainago. Ekialdetik eta mendebaldetik bildu eta ekarriko ditut zure herritarrak.
6. Iparraldeari esango diot: “Itzul itzazu”, eta hegoaldeari: “Ez eduki hor”. Itzul itzazue lurraren urrutieneko bazterretatik nire seme-alabak,
7. nire izena daramaten guztiak, neuk sortu eta eratu nituenak, neure aintzarako egin nituenak.
8. Utzi etortzen nire herriari, begiak eduki arren itsu eta belarriak eduki arren gor dagoenari.
9. «Bil bitez nazio guztiak, elkar bitez herriak: horietako zeinek iragarri zuen hau guztia edo lehengo gertakizunak jakinarazi? Aurkez bitzate lekukoak, beren buruak zuri ditzaten, entzun diezaiegun eta aitortu egia zela.
10. Honela diot nik, Jaun honek: Zuek zarete nire lekuko, israeldarrok, zuek nire zerbitzari; nik aukeratu zaituztet, ni ezagutu, niregan sinetsi eta ni beti berbera naizela uler dezazuen. Nire aurretik ez da jainkorik izan, ezta izango ere nire ondoren.
11. Neu naiz Jauna, neu; ez da ni beste salbatzailerik.
12. Nik iragarri dut eta aurrez adierazi, nik salbatu zaituztet, eta ez zen zuen artean jainko arrotzik. Zuek nire lekuko eta ni zuen Jainko,
13. aurrerantzean ere beti berbera. Ezin dit inork eskutik ezer kendu. Nik egina nork desegin?»
14. Hau dio Jaunak, zuen askatzaileak, Israelen Jainko santuak: «Zuen onerako, gudarostea bidaliko dut Babiloniara eta denak ihesi aterako dira, ihesi babiloniarrak, beren ontzietan babesturik.
15. Neu naiz Jauna, zuen Jainko santua, Israelen egilea, zuen erregea».
16. Hau dio Jaunak: «Nik ireki nuen bidea itsasoan, ur oldartsuetan zehar;
17. gurdi eta zaldizko gudaroste ahaltsua aterarazi nuen gudura: bat-batean lur jo zuten, eta berriz jaiki ez; kandela-metxa bezala itzali ziren eta galdu.
18. Baina orain ez oroitu antzinakoez, ez gogoratu lehenago gertatuez.
19. Hara, zerbait berria egitera noa: hasia da sortzen, ez al diozue antzematen? Bidea irekiko dut basamortuan, ibaiak sorraraziko landa lehorrean.
20. Basapiztiek, txakal eta ostrukek, ohore emango didate, basamortuan ura emango baitut eta landa lehorrean ibaiak sorraraziko, nire herriari, neure aukeratuari, edaten emateko.
21. Eta neuretzat eratu dudan herriak nire gorapena iragarriko du.
22. «Zuk, Israel, Jakoben herri horrek, ez didazu dei egin, nitaz asperturik.
23. Ez didazu erre-oparitzat ardirik eskaini, ez nauzu sakrifizioez ohoratu. Nik ez zaitut opariak eskaintzera behartu, ezta intsentsu eske aspertu ere.
24. Ez duzu niretzat usaingarririk erosi, ez nauzu oparigaien gantzez ase. Alderantziz, behartu egin nauzu zeure bekatuekin, aspertu zeure erruekin.
25. Nik, ordea, neure kabuz suntsitu nituen zure errebeldiak, ez nituen kontuan hartu zure erruak.
26. Emadazu kontu, goazen elkarrekin auzitara; defenda zaitez, arrazoi eman diezazuten.
27. Zure lehen arbasoak ere bekatu egin zuen, zure ordezkariak nire aurka errebelatu ziren.
28. Horregatik, santutegiko arduradunak zapuztu egin nituen, Israel suntsipenera eman nuen, Jakoben herria irainetara».

Ésaïe 44:1-28
1. Hau dio Jaunak: «Entzun orain, Israel, Jakoben herri, nire zerbitzari, nik aukeratu horrek.
2. Neu naiz Jauna, zure egilea, amaren sabelean eratu zintuena, zure laguntzailea. Ez izan beldur, Jakoben herri, ene zerbitzari, Jexurun, ene aukeratu hori,
3. ura isuriko baitut lur egarrituan, ur-lasterrak sortuko landa lehorrean. Neure espiritua isuriko diet zure ondorengoei, neure bedeinkazioa zure seme-alabei.
4. Belardia bezala haziko dira, ibai ondoko sahatsa bezala.
5. “Jaunarena naiz” esango du batak, Jakob izena hartuko besteak; beste batek “Jaunarena” idatzi besoan eta Israel izena hartuko ohoragarritzat».
6. Hau dio Jaunak, Israelen errege eta askatzaileak, Jaun ahalguztidunak: «Neu naiz lehena eta azkena; ez da ni beste jainkorik.
7. Nor ni bezalakorik? Mintza bedi, iragarri eta azal biezat historia, aspaldian gizateria ezarri nuenetik honakoa.
8. Ez ikaratu, ez beldurtu! Ez ote nizuen aspalditik iragarri eta adierazi? Zeuek zaituztet lekuko: Ba ote da ni beste jainkorik? Ez dut ezagutzen beste harkaitzik, euskarri izan dezakezuenik».
9. Idolo-moldeatzaileak hutsa dira denak, hain estimatuak dituzten irudiak ezertarako ez. Horien gurtzaileak itsu eta burugabe; horregatik, lotsagarri geldituko dira.
10. Nork moldeatzen du irudia eta idoloa urtzen, probetxurik espero ezean?
11. Idolozaleak, ordea, lotsagarri gertatuko, gizaki huts baitira egileak. Bil bitez, aurkeztu denak: ikaraz eta lotsaz geldituko dira bat-batean.
12. Errementariak burdin puska hartu eta, txingarretan goriturik, mailuka moldeatzen du, beso indartsuz lantzen. Baina gose baldin bada, indarrak galtzen ditu, eta edaten ez badu, leher egiten.
13. Zurginak, berriz, erregelaz neurtu, arkatzez eta konpasez marraztu eta gubiaz lantzen du eta, giza gorpuzkera eta edertasuna emanik, tenpluan kokatzen.
14. Aurrez, zedro bat botatzen du, edo arte nahiz haritzen bat aukeratzen; zuhaitzok basoko besteen artean egiten dira mardul. Edo lizarren bat landatzen du, eta hazi egiten da euriarekin.
15. Jendeak su-egurretarako erabili ohi ditu: nahiz su egin eta berotzeko, nahiz ogia erretzeko. Baina berak jainko-irudi bat egiteko erabiltzen du. Eta gurtu egiten, ahuspezturik.
16. Egurraren erdiarekin sua egiten du, eta gainean okela erre eta asetzeraino jaten. Ondoren, su ondoan berotzen da eta esaten: «Ederki! Bero-bero nago! A zer lamada!»
17. Beste erdiarekin, berriz, jainko-irudi bat egiten du eta aurrean ahuspezturik gurtzen. Eta otoitz egiten dio, esanez: «Salba nazazu, zu baitzaitut jainko!»
18. Ez dute ulertzen, ez bereizten; begiak itsu dituzte eta ezin ikusi, burua ere ilun eta ezin konprenitu.
19. Ez dute gogoeta egiten, ez dute zentzurik, ez ulermenik, esateko: «Egurraren erdia sutara bota dut, ogia eta okela txingarretan erre eta jan egin dut. Eta gainerakoarekin, jainko-irudi higuingarria egin? Egur-puska baten aurrean ahuspeztu?»
20. Errautsez janaritzen da, gezurrezko burutapen zoroek okerbidetik daramate; idoloak ez du salbatuko, baina ez du, hala ere, aitortuko gezur huts dela eskuetan duena.
21. «Israel, Jakoben herri horrek, gogoan izan nire zerbitzari zarela. Nik eratu zaitut, eta nire zerbitzari zara. Israel, ez zaitut ahaztuko.
22. Lainoa bezala suntsitu ditut zure errebeldiak, gandua bezala zure bekatuak. Itzul niregana, askatu egin baitzaitut».
23. Egin poz-oihu, zeruok, Jaunak ekin baitio! Egin irrintzi, lurreko barrunbeok! Ekin poz-oihuka, mendi eta baso, zuhaitz guztiekin batera! Askatu egin du Jaunak Israel, Jakoben herria, bere ospea agertuz horrela.
24. Hau dio Jaunak, zure askatzaileak, amaren sabelean eratu zintuenak: «Neu naiz Jauna, gauza guztien egilea; bakar-bakarrik hedatu nuen zerua, inoren laguntzarik gabe finkatu lurra.
25. Huts eragiten diet aztien zantzuei, zentzugabe bihurtzen igarleak; jakintsuak hankaz gora botatzen eta haien zientzia zorakeria bilakarazten.
26. Baina neure zerbitzarien hitza betearazten dut, neure mezularien egitasmoa gauzatzen. Jerusalemi diotsot: “Berriro izango dituzu bizilagunak”, eta Judako hiriei: “Berriz eraikiko zaituztete”. Neuk jasoko ditut bertako horma eroriak.
27. Itsaso zabalari diotsot: “Lehor zaitez; neuk agortuko ditut zure korronteak”;
28. eta Zirori: “Zu zara nire artzaina, nik nahi guztia burutuko duzu”. Jerusalemi diotsot: “Berriz eraikiko zaituzte”, eta tenpluari: “Oinarri berriak jarriko dizkizute”».

Psaumes 110:1-7
1. Daviden salmoa. Hona Jaunak ene jaun erregeari esan: «Eseri tronuan nire eskuinean: etsaiak oin-aulki jarriko dizkizut».
2. Siondik zabaltzen du Jaunak zure errege-aginpidea: mendera itzazu, bada, guduan etsaiak!
3. Zu nagusi garaipen-egunean; Santua agertzean, bera izango duzu adore-emaile, bera egunsenti eta gaztetasun-ihintz.
4. Zin egina du Jaunak eta ez da damutuko: «Betiko zara apaiz, nik esan bezala, nire legezko erregea ».
5. Zeure eskuinean daukazu Jauna: bere haserre-egunean erregeak ditu suntsitu.
6. Nazioen aurka epaia eman du: gorpuak pilatu ditu eta lur zabalean burezurrak hautsi.
7. Erregetza ematen duenak nagusi ezarri du; horregatik jaso du burua.

Proverbes 26:5-9
5. Erantzun zentzugabeari bere ergelkeriaren arabera, bere burua zuhurtzat eduki ez dezan.
6. Bere zangoak moztu eta ozpina edaten du zentzugabearen bidez mezuak bidaltzen dituenak.
7. Ezin da elbarria bere zangoez baliatu, ezta zentzugabea ere zuhur-hitzez.
8. Habailan harria lotzea bezain zentzugabea burugabeari ohore ematea.
9. Mozkorraren eskuetan arantza bezala zuhur-hitza zentzugabearen ahoan.

Galates 4:1-31
1. Hau esan nahi dut: oinordekoa adingabekoa den bitartean, esklaboaren pareko da, denen jabe izan arren.
2. Zaintzaile eta administratzaileen menpe egon ohi da, aitak ezarritako epea bete arte.
3. Halaxe gu ere: adingabekoak ginen bitartean, munduan agintzen duten indarren menpe geunden.
4. Baina epea bete zenean, Jainkoak bere Semea bidali zuen, emakumeagandik jaioa, legepeko egina,
5. legepean zeudenak askatzera, guk seme-alabatzakoa har genezan.
6. Hona hemen seme-alaba zaretenaren seinalea: Jainkoak bere Semearen Espiritua bidali du gure bihotzetara, eta Espirituak «Abba!», hau da, «Aita!» dio oihuka.
7. Orain, beraz, ez zara esklabo, seme baizik eta, seme zarenez, baita oinordeko ere, Jainkoaren borondatez.
8. Lehen, Jainkoa ezagutzen ez zenutelarik, izatez jainko ez direnen menpeko zineten;
9. orain, ordea, Jainkoa ezagutu duzuelarik edota, hobeki esan, Jainkoak ezagutu zaituztelarik, nolatan itzultzen zarete berriro funtsik eta indarrik gabeko mundutar errealitateetara? Berriro ere berauen menpeko izan nahi ote duzue?
10. Oraindik jai egiten dituzue halako edo holako egunak, hilak, aroak eta urteak!
11. Beldur naiz zuengatik hartu ditudan nekeak ez ote diren alferrik izan.
12. Senideok, bihur zaitezte, arren, ni bezalako, ni ere zuek bezalako bihurtu naizenez gero. Zuek ez zenidaten inolako kalterik egin.
13. Badakizue, gaixotasun batek eman zidala zuei lehen aldiz berri ona hots egiteko aukera.
14. Baina neure osasuna zela-eta nekagarri izan banintzaizuen ere, zuek ez ninduzuen mespretxatu, ez gaitzetsi; bestela baizik, Jainkoaren mezularitzat hartu ninduzuen, Jesu Kristo bera banintz bezala.
15. Non da orain orduko zuen poza? Zeren zuen alde aitortzen baitut, begiak ere, ahal izanez gero, aterako zenituztela niri emateko.
16. Eta orain zer? Etsai bihurtu ote natzaizue egia esan dizuedalako?
17. Beste horiek agertzen dizueten ardura ez da lege onekoa; niregandik bereizi nahi zaituztete, beraiez ardura zaitezten.
18. On zenukete onagatik arduratzea, beti ordea, ez ni zeuekin nauzuenean bakarrik.
19. Ene seme-alabok, erdiminetan nago berriro ere zuengatik, Kristo zuengan erabat moldatu arte.
20. Zuekin egon nahi nuke oraintxe bertan eta mintzaira egokia aurkitu, ez baitakit zuekin nola asmatu.
21. Esadazue zuek, legearen menpeko izan nahi duzuenok: Ez al duzue entzun legeak dioena?
22. Izan ere, Liburu Santuak dioenez, Abrahamek bi seme izan zituen: bata mirabeagandik eta bestea libre zen emazteagandik.
23. Mirabeagandikoa giza sorbide hutsez jaio zen; emazte librearengandikoa, berriz, Jainkoaren agintzariaren indarrez.
24. Honek beste zerbait adierazten du: bi emakumeak bi itunen irudi dira; bata Sinai menditik dator eta esklabotzarako gizon-emakumeak sortzen ditu: itun honen irudia Agar da
25. (Agar izenak Arabian dagoen Sinai mendia aipatzen du ), eta gaurko Jerusalemi dagokio, honek bere seme-alabekin esklabotzan irauten baitu.
26. Bestea, ordea, libre dena, goiko Jerusalemen irudi da, eta bera da gure ama.
27. Izan ere, hau dio Liburu Santuak: Egin poz-oihu emakume agor eta haur gabe horrek! Ekin kantari pozaren pozez, erdiminik izan ez duzun horrek! Bakarrik utziaren seme-alabak gehiago izango baitira, senardunarenak baino.
28. Zuek, beraz, senideok, agintzariari esker zarete seme-alaba, Isaak bezala.
29. Baina orain ere ordukoa bera gertatzen da: giza sorbide hutsez jaiotako semeak Espirituaren indarrez sorturikoa pertsegitzen du.
30. Zer dio, ordea, Liburu Santuak? Bidal itzazu etxetik mirabea eta beronen semea, honek ez baitu oinordeko izan behar librearen semearekin batera.
31. Beraz, senideok, ez gara mirabearen seme-alaba, librearenak baizik.