A A A A A
La Bible en un an
Mars 4

Nombres 5:1-31
1. Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi:
2. «Agindu israeldarrei edonolako lege-kutsadura dutenak —legena edo sexu-jarioa dutela edo gorpu bat ukitu dutela— kanpalekutik urruti botatzeko.
3. Gizonezko nahiz emakumezko, bota ditzatela kanpalekutik. Horrela ez dute kanpalekua kutsatuko, han bizi bainaiz ni beraien artean».
4. Hala egin zuten israeldarrek: kanpalekutik urruti bota zituzten, Jaunak Moisesi agindua betez.
5. Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi:
6. «Esan israeldarrei: Gizonezko nahiz emakumezko batek beste norbaiti kalte egin eta Jainkoarekiko desleial jokatzen badu, errudun bihurtzen da.
7. Bere errua aitortuko du, eta kaltearen ordaina eta bosteko bat gehiago emango dio kalte egin dionari.
8. Kaltetua hila bada eta ordaina jasotzeko ahaide hurbilekorik ez badu, kalte-ordaina Jaunari emango zaio apaizaren bidez, errudunaren bekatuaren barkamen-ohikunea egiteko erabiliko den ahariaz gain.
9. «Israeldarrek Jaunari eskainiko dizkioten opari sakratuak apaizarentzat izango dira.
10. Apaizari eramaten zaizkion opari sakratuak apaizarentzat dira ».
11. Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi:
12. «Esan israeldarrei: Eman dezagun emakume bat bere senarrarekiko desleial izan dela.
13. Senarraren ezjakinean beste gizon batekin sexu-harremanak izan ditu eta kutsaturik gelditu da; baina ez dago lekukorik, ez du inork horretan harrapatu.
14. Hala ere, senarrak susmo txarra hartu dio emazteari, hau egiaz errudun delarik. Baina gerta daiteke emaztea errugabea izanik ere senarrak susmo txarra hartzea.
15. Honelako kasuetan, senarrak apaizaren aurrera eramango du emaztea eta lau kilo garagar-irin eskainiko ditu oparitzat. Ez dio irinari oliorik isuriko, ez intsentsurik ipiniko, susmo txarra dela-eta bekatua salatzeko eskaintza baita.
16. «Emakumea hurbilarazi eta Jaunaren aurrean ezarriko du apaizak.
17. Ur sakratua hartuko du buztinezko ontzi batean eta egoitzako zorutik hartutako hautsaz nahasiko du.
18. Emakumea Jaunaren aurrean ipini, ilea askatu eta bekatua salatzeko oparia, senarrak bere susmo txarragatik ekarria, ezarriko dio eskuetan; apaizak, bitartean, errudunaren gain madarikazioa dakarren ur garratza edukiko du eskuetan.
19. Orduan, zin eragingo dio emakumeari, hau esanez: “Beste gizon batekin harremanik izan ez baduzu, ez bazara desohoratu eta zeure senarrari desleial izan, ez dakizula ezer txarrik gerta, madarikazioa dakarren ur garratz hau edatean.
20. Baina senarrari desleial izan bazatzaizkio eta, zeurea ez den beste gizon batekin harremanak izanik, desohoratu bazara
21. —apaizak une honetan madarikazio-zina eginarazten dio emakumeari—, zigor zaitzala Jaunak: sabela haizatu eta agor bihur zaitzala, zure herritarrek zuri gertatua aipa dezatela beren madarikazioak botatzean.
22. Madarikazioa dakarren ur hau edan bezain laster gertatuko zaizu zigorra”. Eta emakumeak “Amen! Amen!” erantzungo du.
23. «Orduan, madarikazio-hitzok idatzi eta idazkia ur garratzetan garbituko du apaizak.
24. Ur hori emakumeari edanaraziko dio, barrena garraz diezaion.
25. Baina aurretik, senarrak bere susmo txarragatik ekarritako oparia emakumearen eskuetatik hartu, Jaunaren aurrean aurkeztu eta aldare gainean ezarriko du.
26. Oparitik irin-eskutada hartuko du oroigarri gisa eta aldare gainean erreko. Ondoren, ura edanaraziko dio emakumeari.
27. Ura edatean, hau gertatuko da: emakumea senarrari desleial izan eta kutsaturik gelditu bada, madarikazio-ura bere barrura sartu eta garratz bihurtuko zaio, sabela haizatu eta agor geratuko da; emakume hori madarikazio-adibide izango da herritarrentzat.
28. Alderantziz, emakumea kutsatua ez, baizik eta garbi badago, ez zaio gaitzik gertatuko eta izango du seme-alabarik.
29. «Hau da adulterio-susmoaren legea, senarraren eskumende egonik, emaztea desleial izan eta desohoratzen denerako,
30. edota senarrak emazteaz susmo txarra duenerako: Jaunaren aurrean aurkeztuko du emaztea, eta apaizak lege honen arabera jokatuko du.
31. Senarrari ez zaio errurik egotziko, eta emazte errudunak bere hobenaren ondorenak jasan beharko ditu».

Nombres 6:1-27
1. Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi:
2. «Esan israeldarrei: Jaunari nazireu bezala sagaratzeko botoa egiten duenak, gizonezko zein emakumezkok,
3. ez du ardorik, ez beste alkohol-edaririk edango, ez edari horietatik ateratako ozpinik ere; ez du inolako mahats-zukurik edango, ez eta mahatsik edo mahaspasarik jango.
4. Nazireutzak dirauen bitartean, ez du mahatsez eginiko ezer jango, ezta haziz edo azalez eginikorik ere.
5. Nazireu-botoaren denboraldi guztian ez du ilea moztuko: Jaunari sagaratua baitago, ilea hazten utziko du.
6. Jaunari sagaraturik dagoen denboraldi horretan ez da gorpu batengana hurbilduko:
7. aita nahiz ama, anaia nahiz arreba hiltzen bazaio ere, ez da kutsatuko, Jaunari sagaratua baitu bere burua.
8. Nazireu-garai guztian Jaunari sagaraturik dago.
9. «Bat-batean norbait ondoan hiltzen bazaio, sagarapenaren ezaugarri duen ilea kutsatuz, garbikuntza-ohikunea egingo du zazpi egunen buruan: egun horretan erabat moztuko du buruko ilea.
10. Zortzigarren egunean bi usapal edo bi usakume eramango dizkio apaizari, elkarketa-etxolaren sarrerara.
11. Bata barkamen-oparitzat eta bestea erre-oparitzat eskainiko ditu apaizak, eta haren alde barkamen-ohikunea egingo du, gorpua ukitzean eginiko hobenagatik. Egun horretan berriro sagaratuko dio nazireuak bere burua Jaunari.
12. Ostera hasiko du Jaunari nazireu bezala sagaraturiko denboraldia; aurreko egunak ez zaizkio kontuan hartuko, bere nazireu-botoa profanatu duelako. Gainera, urtebeteko bildotsa eramango dio Jaunari ordain-oparitzat.
13. «Hona hemen nazireuari buruzko legea: Sagarapen-garaia burutzean, elkarketa-etxolaren sarrerara joango da
14. eta urtebeteko bildots akats gabea eskainiko dio Jaunari erre-oparitzat, urtebeteko arkume akats gabea barkamen-oparitzat eta ahari akats gabea elkartasun-oparitzat.
15. Irin garbiz eginiko legamia gabeko saski bat ogi, olioz oraturiko opilak eta oliotan bustiriko talo legamia gabeak ere eskainiko ditu, labore- eta isur-opariekin batera.
16. Apaizak Jaunari aurkeztuko dizkio opariok, eta barkamen-oparia eta erre-oparia eskainiko ditu;
17. gero, aharia eskainiko du elkartasun-oparitzat, legamia gabeko ogien saskiarekin batera, eta labore- eta isur-opariak.
18. Ilea motz-motz egingo du nazireuak elkarketa-etxolako sarreran eta bere sagarapenaren ezaugarri duen ile moztua elkartasun-oparia erretzen deneko sutara botako du.
19. Ahari errearen beso bat, saskiko legamia gabeko ogi bat eta legamia gabeko opil bat hartu eta nazireu ile-moztuaren eskuetan ipiniko ditu apaizak.
20. Gero, apaizak Jaunari aurkeztuko dio hori guztia: gauza sakratua da eta apaizari dagokio, aurkezturiko bularra eta aparte utzitako izterra bezala. Horren guztiaren ondoren, ardoa edan ahal izango du nazireu-botoa zuenak.
21. «Hori da nazireu-botoz bere burua Jaunari sagaratzen dionari buruzko legea, horiek dira Jaunari aurkeztu behar dizkion opariak, bere kabuz eskain diezaiokeenaz aparte. Lege honen arabera beteko ditu aginduriko botoaren eginbeharrak».
22. Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi:
23. «Esaiezu Aaroni eta beronen semeei formula hau erabili behar dutela israeldarrak bedeinkatzeko:
24. «Jaunak bedeinka eta gorde zaitzala;
25. Jaunak aurpegi argia erakutsi eta erruki dakizula.
26. Jaunak maitasunez begiratu eta bakea eman diezazula.
27. «Honela, nire presentzia israeldarren gain ezarriko da, eta bedeinkatu egingo ditut».

Psaumes 30:8-12
8. Zeure onginahiaz, Jauna, mendia bezain tinko ezarria ninduzun. Baina aurpegia gorde zenidan, eta larritu egin nintzen.
9. Zuri dei egin nizun, Jauna, zuri erregu:
10. «Zer irabazten duzu ni hilda, ni hilobira sartuta? Hautsak zu goretsiko ote? Zure leialtasuna iragarriko ote?
11. Entzun, Jauna! Erruki nitaz! Jauna, zatozkit lagun!»
12. Negarra dantza bihurtu didazu, dolu-jantzia festa-jantzi.

Proverbes 11:1-3
1. Gorroto ditu Jaunak engainuzko pisuak; begiko ditu, ordea, neurgailu zehatzak.
2. Harrokeria non, desohorea han; zuhurtzia apaltasunaren lagun.
3. Beren prestutasunak gidatzen ditu zuzenak, beren faltsukeriak hondatzen maltzurrak.

Marc 8:22-38
22. Betsaidara iritsi zirenean, itsu bat ekarri zioten Jesusi, ukitzeko erreguka.
23. Jesusek itsuari eskutik heldu eta herritik kanpora eraman zuen. Begiak listuz igurtzi ondoren, eskuak ezarri zizkion eta galdetu: —Ikusten al duzu ezer?
24. Hark begiratu zuen, eta erantzun: —Gizonak-edo nabaritzen ditut: zuhaitzak dirudite, baina ibili dabiltza.
25. Orduan, berriro eskuak ezarri zizkion begietan, eta argi ikusten hasi zen gizona; sendaturik gelditu zen, guztia garbi-garbi ikusten zuela.
26. Etxera bidali zuen Jesusek, herrian sartu ere ez egiteko aginduz.
27. Gero, Feliperen Zesarea inguruko auzoetarantz abiatu zen Jesus bere ikasleekin. Bidean galdera hau egin zien: —Ni nor naizela dio jendeak?
28. Haiek erantzun zioten: —Batzuek Joan Bataiatzailea zarela; beste batzuek Elias; besteek profetaren bat.
29. Jesusek berriro galdetu zien: —Eta zuek, nor naizela diozue? Pedrok erantzun: —Zu Mesias zara.
30. Eta Jesusek inori ere ez esateko agindu zien zorrotz.
31. Orduan, irakasten hasi zitzaien, Gizonaren Semeak asko sufritu behar zuela; zahar, apaizburu eta lege-maisuek gaitzetsi egingo zutela eta hil; eta hiru egunen buruan piztu egingo zela.
32. Argi eta garbi mintzatzen zitzaien honetaz. Pedro, Jesus aparte harturik, gogor egiten hasi zitzaion.
33. Baina Jesusek, itzuli eta ikasleei begira, gogor eraso zion Pedrori, esanez: —Alde nire ondotik, Satanas! Hire asmoak ez dituk Jainkoarenak, gizakiarenak baizik.
34. Gero, jendeari eta ikasleei dei eginik, esan zien Jesusek: «Nire ondoren etorri nahi duenak uko egin biezaio bere buruari, bere gurutzea hartu eta jarrai biezat.
35. Izan ere, bere bizia gorde nahi duenak galdu egingo du; bere bizia niregatik eta berri onagatik galtzen duenak, ordea, gorde egingo du.
36. Zertarako du gizakiak mundu guztia irabaztea, bizia galtzekotan?
37. Eta zer eman dezake gizakiak, berriro bizia bereganatzeko?
38. Beraz, norbait, gizaldi desleial eta bekatari honen aurrean, nitaz eta nire mezuaz lotsatzen bada, Gizonaren Semea ere lotsatu egingo da hartaz, bere Aitaren aintzaz beterik aingeru santuekin etorriko denean».